Eduki publikatzailea
Atzealdea Iñurrirekin hitzarmena
2026·03·30

Hitzarmenak sinatzea albiste pozgarria izan ohi da, herriari ekarpen bat egin nahian ari denari bultzada emateko tresna izaten baitira. Azken asteotan sinatu dugu azkena, hain justu, Iñurri elkartearekin.
Iñurri 2019an sortu zen, eta irabazi asmorik gabeko elkartea da: minbizia duten pertsonen bizi kalitatea, egoera emozionala zein ekonomikoa hobetzeko beharrezkoak diren lanak egiten ditu. Horrekin batera, minbiziari buruzko gizarte-kontzientziara bideratutako ekimenak ere egiten ditu, espazio seguruak sortuz, egoera horretan dauden pertsonek askatasunez hitz egiteko eta adierazteko aukera izan dezaten. Minbiziaren inguruko formakuntza, akonpainamendua eta dibulgazioa dira elkartearen lan lerro nagusiak, betiere ikuspegi feminista eta eraldatzailea oinarri izanda. Azken urteotan sendotu egin da elkarteak Usurbilekin duen lotura: 2024an eta 2025ean Iñurri Eguna ospatu dute bertan, eta iazko udaberriaz geroztik Usurbilen du egoitza, Kale Nagusia 10 atarian.
Udalean urteak daramagu Usurbil herri zaintzaileagoa izateko lanean, pertsona ardatz izango duen zaintza eredua bultzatzeko. Iñurrik egiten duen lana, beraz, bat dator udalak bultzatzen duen ereduarekin, eta herri-interesekotzat du elkartearen jarduna; hitzarmenaren bidez, 3.500 euroko laguntza emango dio elkarteari.
Erraza eta erosoa izan da Iñurrekin hitzarmena egitea, bi aldeek hasiera-hasieratik izan baitugu lankidetzarako asmoa eta gogoa. Usurbilgo herriarentzat eta bereziki Usurbilgo emakumeentzat opari bat da, aukera bat, Iñurrik Usurbilen gauzatzea bere jarduna. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet, batetik, Usurbil aukeratzeagatik euren jardunerako topaleku eta plaza izateko, eta bestetik, minbizia duten emakumeei eskaintzen dien babesa, goxotasuna, akonpainamendua, sosegua, terapiak eta abarrak emateagatik.
Zaila dena samurtzen du Iñurrik, eta, zentzu horretan, ezin eskertuago gaude. Balio dezala hitzarmen honek, beraz, beren lana laguntzeko eta errazteko.
