Eduki publikatzailea

Hondakinen kudeaketa propiorako bideorria zehaztu du Usurbilgo Udalak

Nazioarteko hainbat adituren eta herritarren ekarpenez osatu ostean, ‘Usurbil 0.0’ programak 2023ra arteko ekintza plana behin betiko zehaztu du.

2017·03·16


Usurbilgo Udalak, nazioarteko adituen zein usurbildarren laguntzaz, hondakinen gaineko kudeaketa integrala lortzeko bideorria zehaztu du egunotan. ‘Usurbil 0.0’ izeneko programaren bitartez, 2023 urtera arteko neurri zehatzak mahaigaineratu eta Usurbilek bere sistema doitzeko beste aurrerapauso bat eman du.

Abenduaren 22an behin behineko bideorria publiko egin zenetik martxoaren 16ra arteko epean, nazioarteko adituekin zein herritarrekin dokumentua osatzeko aukera izan du Udalak. Izan ere, Joan Marc Simón ‘Zero Waste Europe’ erakundeko zuzendariak, Ramon Plana Biologian doktore eta hondakin organikoen tratamenduetan adituak edota Gorka Bueno, Ainhoa Iraola eta Dani Zuazagoitia EHUko Ingenieritza Eskolako ordezkariak parte hartu dute prozesuan, besteak beste.

Helburuak

Hondakinen kudeaketan 0 zenbakia izaten da, sarritan, erreferentzi eta helburu. ‘Usurbil 0.0 programak hurrengo 0ak ditu helburu 2023 urterako:

· Usurbilgo hiri hondakinen sorrera %10 murriztea

· Usurbilen sorturiko biohondakina herrian konpostatu eta erabiltzea

· Hiri hondakinen %90a gaika biltzea

· Hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren defizita 0 izatea

Lau helburu nagusi horiek betearazteko, 41 puntutako ekintza-plana gauzatzea aurreikusten dute udal ordezkariek. Ekintza guztiak hiru lehentasun mailatan sailkatu dira, herritarrekin antolatu diren lan saioetan zehaztutakoaren arabera.

Besteak beste, Herriko biohondakina baserri konpostaren bidez birziklatu eta konposta herrian bertan erabiltzea izango da neurrietako bat. Beste neurrietako bat Tasa bidezkoagoak sustatzea izango da, kutsatzen duenak gehiago ordain dezala indartuz. Ekitaldi publikoetako zein kale garbiketako hiri hondakinen zerbitzua hobetzea bilatuko da ere, gaikako bilketa hobetuz eta prebentzio protokoloa martxan jarriz (edalontzi eta mahai tresneria berrerabilgarriak, prebentzio eta kudeaketa programak, etab). Aurrekoez gain, errefusaren bilketan, hondakin inerteen datuak hobetzen jarraitzea aurreikusi du Udalak.

Praktika onen lekuko

“2008. urtean hondakinak era arduratsuagoan kudeatzeko aitzindaritza hartu genuenetik, Usurbilek hainbat aurrerapauso eman ditu norabide horretan. Espainiar Gobernuko Ingurumen Ministerioak Usurbilgo Udala praktika onen eredu gisa aitortua du gaur egun, eta ohikoa da bestelako erakundeetatik Usurbilgo udalerrira bisita egitea bertako bilketa eredua ezagutzeko. Bederatzi urteren ondoren, usurbildarrek argi eta garbi helarazitako mezua jaso dugu, eta Usurbilgo Udalak bere hondakinen kudeaketa integrala garatzeko ahalmena duela erakusten dugu programa honen bitartez”, azaldu du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

 

Usurbil 0.0