Albisteak
Atzealdea

Hondakin kopuruak behera egin du 2020an, gaikako bilketa mantentzearekin batera

Hiri hondakinak gutxitu egin dira 2020an: 3.012 tona jaso dira, 2019an baino 129 tona gutxiago. Iazko joerari eutsiz, sortutako hondakinen %86 gaika bildu dira, eta tona bat errefus gutxiago jaso da.

2021·04·13


Atez Ateko bilketaren 2020ko datuak eskuan ditu Usurbilgo Udalak: hiri hondakinen kopurua, aurreko urteekin alderatuta, zertxobait jaitsi da: 3.141. tona izan ziren 2019an, eta 3.012 tona 2020an (hau da, 129 tona gutxiago). Horrez gain, gaikako bilketa bere horretan mantendu da, %86an, eta errefus kopuruak koska bat egin du behera, 2019an baino tona bat gutxiago bildu baita (428,58 tona; 67,94/biztanleko). Balantze ekonomikoaren datuak jaso bezain pronto argitaratuko du udalak 2020ko datuen txosten osoa.

Gaikako azterketa eginez gero, esan daiteke kale garbiketan bildutako errefusa nabarmen murriztu dela (48,02 tona, 2020an; 83 tona, 2019an). Etxeetan jasotakoak, ordea, nabarmen egin du gora (53 tona, 2019an; 73 tona, 2020an) eta industria jardueran murrizketa txikia izan da. Hala ere, guztira jasotako errefus kopurua 2019eko antzekoa izan da, koska bat beherago egin duen arren, tona bat gutxiago jaso baita.

Biohondakinak nabarmen murriztu dira, teknikariaren esanetan, ziurrenik, ostalaritza jardueren murrizketaren ondorio.

Covid19-ak baldintzatutako lehenengo urtea izan da 2020a, eta horrek ere eragina izan du hondakinen bilketan. Dena den, teknikariaren esanetan, gaikako bilketaren emaitzak oso ona izaten jarraitu du.