Albisteak
Atzealdea

Hizkuntza eskubideen inguruan herritarrak aktibatzeko eta kontzientziatzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta Behatokiak

Behatokiak herritarrei hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna eraginkorrak eskaintzeko saioa egingo du urte hasieran. Urtebeterako hitzarmena izango da.

2020·11·26


Hizkuntza eskubideen inguruan herritarrak aktibatzeko eta kontzientziatzeko urtebeteko hitzarmena sinatu dute, gaur, Usurbilgo Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Bi erakundeen arteko harremana ez da berria, baina bai edukia, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez: “Herritarrak kontzientziatu eta aktibatu nahi ditugu, eta tresna eraginkorrak eman, euren hizkuntza eskubideak berma daitezen”. Alboan izan dituzte, baita ere, zeregin horretan lanean diharduten Noaua! euskara elkartea eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea ere.

Herritarrak euren eskubideez jabetu daitezen zenbait ekimen jarriko dituzte abian, besteak beste, Behatokiak gaia lantzeko urte hasieran eskainiko duen saioa: zer hizkuntza eskubide dituzten eta haiek babesteko zein tresna dituzten azalduko diete. Horrez gain, urte amaieran, jasotako kexen txostena helaraziko dio Behatokiak udalari, urraketa horiek non gertatu diren aztertu, eta neurri gehigarririk hartu ote dezakeen aztertzeko. Horrez gain, udaletxean eta Potxoenean herritarren kexak jaso eta Behatokira bideratzeko aukera emango dute. Udalaren webgunean ere horretarako aukera berezia emango dute. Udalak, bere aldetik, 900 euroko diru-ekarpena egingo dio Behatokiari.

Agurne Gaubeka Erauskin Behatokiko zuzendariak euskaraz aritzeko trabez ohartarazi du: “Euskaraldi betean garela, euskaraz bizi nahi dugula esaten ari gara ozen, baina euskaraz egin ahal izateko jakina da, zenbaitetan, traba eta eragozpenak izaten ditugula”. Era berean, euskara erabiltzea bezain garrantzitsua da, Gaubekaren esanetan, erabilera sustatzeko espazioak izan eta eskaintzea: “Horretan, zeregin berezia dute administrazio publikoek eta, bereziki, udalek, herritarrekiko zerbitzu gehienak eta zuzenenak horietan jasotzen baitira”. Halaber, erakunde, eragile eta enpresa pribatuek ere herritarren eta bezeroen oinarrizko eskubideak errespetatu eta kontuan hartzea berebizikoa da, haren esanetan. “Izan ere, oinarrizko giza eskubideen artean kokatzen dugu hizkuntza eskubideena. Hitzez hitz, horrela aitortzen du Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak: ‘Ez da inor bereiziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik’”.

Udaberriko konfinamenduan hizkuntza eskubideak urratu zirela gogoratu du, gainera, Gaubekak: “Informazio gehiena gaztelaniaz heltzen zitzaigun, edo, bestela, beranduago heltzen zen euskarazkoa. Eta, horrez gain, jada hutsuneak zeuden tokietan areagotu egin dira hizkuntza eskubideen urraketak”. Zentzu horretan, Gaubekak hizkuntza eskubideak une oro txertatuak izateko neurriak hartzera deitu ditu erakunde publikoak zein pribatuak: “Herritarren beste oinarrizko eskubide batzuk gure erakundeetan txertatuak ditugun bezala, garaia dugu hizkuntzarena ere modu naturalean barneratzeko”.

Noaua! Euskara elkarteko Alaitz Aizpuruak nabarmendu du euskara eta euskal kultura sustatzeaz gain, euskara babestea ere badela elkartearen helburuetako bat, eta zentzu horretan, herritarren kexak edo urratzeen berri jaso izan dutenetan oihartzuna eman dietela. Zeregin horretan jarraituko dutela adierazi du: “Garrantzitsua da hiztunok ditugun eskubideak zein diren jakitea; are gehiago, pandemia egoera honetan hizkuntza eskubideen urraketak biderkatu direla ikusita. Herritarrek mikroboteretik eragiteko duten gaitasun hori sustatu behar dugu, eta horregatik saiatuko gara udalarekin eta Behatokiarekin elkarlanean auziari tokia egiten aldizkarian”.

Uemako teknikari Jokin Urangak ongietorria eman dio udalaren eta Behatokiaren arteko hitzarmenari, baita txalotu ere, gainerako udalentzat eredugarria delakoan. Urangaren esanetan, ezinbestekoa da herritarrak kontzientziatzea eta ahalduntzea: “Udalerri euskaldunetan egoera pribilegiatuan bizi gara, baina egoera hauskorra da, edozein faktorek aldaketa ekar dezakeelako. Beraz, herritarren kontzientzia giltzarria da udalerri euskaldunetan euskarari eusteko. Naturaltasunez egiten duguna modu kontzientean egin dezagun. Inertziatik kontzientziarako saltoa emanez, alegia”.

Herritarrak euren hizkuntza eskubideez jabetzera deitu dituzte, urraketaren bat pairatuz gero, udalerrian zein udalerritik kanpo gertatu, udalera edo Behatokira jo dezaten, Akuilari aplikazioaren bidez, Euskararen Telefonoan alta emanda edo 948 146 172 edo 627 524 782 telefonoetara deituta.