Albisteak
Atzealdea

Hitanoa hitzetik hortzera, Hikastean

Euskara Aholku Taldeak “edonor (h)ikaratzeko moduko egitaraua” prestatu du hitanoaren bueltan: abenduaren 1etik 3ra izango da. Hitanoaren oinarrizko nozioak bildu dituzte liburuxka batean, Usurbilgo hizkerara egokitua, eta etxez etxe banatuko dute abenduan.

2021·11·22


Euskara Aholku Taldeak Hikastea antolatu du abenduaren 1etik 3ra. Egun horietan hitanoa hitzetik hortzera izatea dute helburu, eta, horretarako, era askotako ekintzak prestatu dituzte: hitzaldi bat, lehiaketa bat, hikodromoa eta kontzertu bat. “Edozein (h)ikaratzeko moduko egitaraua”, antolatzaileen esanetan.

Egitaraua, egunez egun:

Abenduak 1.

Hitzaldia: “Hitanoa hemen eta orain: adituen hitzak eta arituen ekintzak”. (Potxoenean, 18:30ean).

EHUko irakasle eta ikertzaile Beñat Muguruzak eta Garbiñe Bereziartuak emango dute; azken urteetan hitanoa izan dute ikergai, eta hainbat erpinetatik begiratzen ahalegindu dira. Hitanoaren barru-ertzak aztertuko dituzte: egoera, transmisioan eragina duten faktoreak, indarguneak... “Saio parte-hartzailea izatea gustatuko litzaiguke: orokortasunetik herrira egin nahi dugu bidea. Herritarren iritzi eta bizipenak jasota, ondorio adierazgarri eta aberasgarriak aterako ditugu, ziur”, adierazi dute antolatzaileek.

Abenduak 2.

Jada abian den TikTok eta Instagram lehiaketako lanen erakustaldia eta sari-banaketa. (Sutegin, 18:00etan).

Gazte askok hain gustuko dituzten sare sozialetan hiketari presentzia ematea da helburua, jolasaren bidez, sormenaren bidez eurek ere hitanoa pixkanaka eurengana dezaten.

14-20 urte arteko gazteei zuzendutako lehiaketa da: jada abian dago, eta abenduaren 1a izango da bideoak bidaltzeko azken eguna. Hurbilagoko dendetan erabiltzeko 100 euroko bi bonu zozketatuko dituzte parte-hartzaileen artean.

Abenduak 3.

Hikodromoa. (Dema plazan, 18:00etan / eguraldi txarrarekin, Askatasuna plazan).

“Hika aritzeko espazioa izango da. Hika menperatzen dutenak, hika hasiak direnak zein egin nahi dutenak bildu nahi ditugu. Jai-giroan, alai. Herritarrak zein beste herrietakoak gonbidatu ditugu, euskararen aldeko ospakizun ez ezik, euskararen topagune ere izan dadin. Parte-hartzaileak binaka jarriko ditugu, eta bikoteak lau minutuan behin aldatuko ditugu. Trantsizio horiek bertso eta musikaz girotuko ditugu; izan ere, Eli Pagola eta Agin Laburu bertsolariek jarriko dute elkarrizketetarako hizpidea, Antton Aranbururen eta Gari Otamendiren musika lagun”.

Kontzertua. Mikel eta Esti Markez. (19:30ean). Doan eta herritar guztientzako irekia izango da.

Ikasturte hasierarekin batera, Euskara Aholku Taldeak hitanoaren ezagutza eta erabilera bultzatzeko kanpaina abiatu zuen, Hikaratu, beldurrik gabe lelopean; hika ikastaroarekin eta hikalagun egitasmoarekin abiatu zuten. Horren barruan antolatu dute, orain, Hikastea.

Liburuxka: “Patrikarako Hitanoa”

Euskara Aholku Taldeak hitanoaren oinarrizko nozioak eta adizki erabilienen taulak jasotzen dituen Patrikarako Hitanoa liburuxka sustatu du. Usurbilek lekukoa hartu die AEKren laguntzarekin Oñatiko “Ingo Xonau” proiektuko kideek hasi, eta Durangaldeko berbalagunek segida eman dioten bideari. Karmele Urdanpilletak eta Rosa Zubeldiak egokitu dute liburuxka Usurbilgo hizkerara. Abenduaren amaieran banatuko dute, etxez, etxe, “herritar guztiek eskura izan dezaten eta hika egiten anima daitezen”.

Covid19a

Azken egunetan Covid19ak izan duen gorakada tarteko, antolatzaileek nabarmendu dute osasun eta higiene neurriak bermatuko dituztela.