Eduki publikatzailea
Atzealdea Hirigintzak euskararengan duen eragina eta genero ikuspegia aintzat hartzeko azterketak egingo ditu Usurbilgo Udalak
2020·09·08
Hirigintzak euskararengan duen eragina eta genero ikuspegia aintzat hartzeko azterketak egingo ditu Usurbilgo Udalak: jakinarazi duenez, bi kanpo aholkularitza kontratatu ditu, biak ere HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean txertatuak izan daitezen. Bi azterketen nondik norakoen berri eman dute gaur, prentsaurrean, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, Arritxu Zelaia Etxeberria hizkuntza aholkulariak eta Oihane Ruiz Menendez arkitekturan eta hirigintzan aditu eta Silvestrina kooperatibako kideak. Bi azterlanak martxan dira dagoeneko, eta urte amaierarako bukatzea aurreikusten dute.
Hain zuzen ere, Solaberrietak azaldu duenez, HAPOren idazketa betean dago Usurbilgo Udala: 2021ean hasieraz onartzea da asmoa. 2014Ko maiatzean hasi zuen udalak Usurbilgo Plangintza Orokorra berrikusteko prozesua, ordutik hainbat parte-hartze prozesu egin eta hainbat dokumentu onartu dira. 2015 amaieran, HAPO idazteko oinarrizko plangintzaren irizpide eta helburuak onartu zituen Usurbilgo udalbatzak, lau ziren: (1) herritarren parte-hartzearen beharra, (2) hirigintza jasangarriaren eta ekologikoaren irizpideak barneratzea, (3) genero ikuspegia aintzat hartzea eta (4) hirigintzak euskararengan duen eragina neurtzea. Orain arte egindako prozesuetan presente egon diren irizpideak badira ere, oraingoan genero ikuspegia eta hirigintzak euskararengan duen eragina sakonago lantzera doa udala. Horretarako, gai horietan adituak diren bi kanpo aholkularitza kontratatu ditu. Batetik, Arritxu Zelaia Etxeberria hizkuntza aholkulariak ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egingo du; hirigintza genero ikuspegitik aztertuko dute, berriz, Silvestrina kooperatibak, DUNAK taldeak eta Col·lectiu Punt 6 kooperatibak, elkarlanean.
ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa
2014An du jatorria ELEk: orduan abiatu zituzten Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak UEMAk, Kontseiluak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lurralde antolakuntzaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremana estua dela eta hirigintza proiektuek Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa moduko azterketa baten beharra dutela nabarmendu zuten antolatzaileek. Ordutik, hirigintza planek udalerrietako egoera soziolinguistikoan izan dezaketen eragina aztertzeko tresnak garatu dira, onuragarriak diren aukerak kontuan hartzeko eta, hala dagokienean, neurri zuzentzaileak hartzeko. Iaztik, gainera, derrigorrezkoa da plangintza orokorreko dokumentuetan halako azterketak egitea (tokiko erakundeen hizkuntza erabilera arautzen duen 179/2019 dekretuaren bidez).
Arritxu Zelaia Etxeberria hizkuntza aholkulariak neurtuko du plangintzak euskararengan duen eragina. Zelaiak hainbat ebaluazio egin ditu orain arte, besteak beste, Orexan, Errezilen, Izurtzan, Zaratamon eta Munitibarren. Usurbilen arnasgune izaera nabarmendu du Zelaiak prentsaurrean, datu batzuk emanez: herritarren %72 da euskalduna (Eustat, 2016). Kaxkoaz harago, Aginagan eta Zubietan aise gainditzen dute ehuneko hori, %88,35 eta %85,15 baitira euskaldunak, hurrenez hurren. “Ebaluazioa egiterakoan kontuan hartuko dira ezaugarri horiek, ez baita gauza bera Usurbilen herrigunean edo auzoetan egin daitezkeen esku-hartzeek izan dezaketen eragina. Arnasguneak izan arren, zenbat eta dimentsio txikiagoa eta euskaldunagoa izan, orduan eta hauskorragoa izan daiteke”.
Gauzak horrela, hainbat alderdi hartuko ditu kontuan: ezagutzan izan daitekeen eragina, kultur eta gizarte bizitzan, hizkuntza paisaian, zerbitzuen eskaintzan eta komunikazioan. Azaldu duenez, eragin linguistikoaren ebaluaziorako Balorazio Batzorde bat sortu da, eta hori arduratuko da planak izan dezakeen eragina neurtzeaz. “Neurtu ondoren, beharrezkoa bada, eragina apaltzeko neurri zuzentzaileak proposatuko ditu batzordeak, eta jendaurrean jarriko da, ekarpenak jasotzeko”. Horrez gain, UEMAko teknikariekin elkarlanean arituko dira.
Hirigintza eta genero ikuspegia
HAPO-n genero ikuspegia txertatzeko eta genero eraginaren ebaluazioa egiteko, hirigintza eta generoaren arteko harremana lantzen esperientzia luzea duen lantaldea kontratatu du udalak.
- OIHANE RUIZ MENENDEZ: Arkitekturan eta Hirigintzan aditua > HIRIA KOLEKTIBOA zenaren kidea eta egun DUNAK taldeko eta SILVESTRINA kooperatibako kidea.
- BLANCA VALDIBIA: Soziologian eta Hirigintzan aditua > COL·LECTIU PUNT 6 kooperatibako kidea.
- KOLDO TELLERIA ANDUEZA: Arkitektura eta Hirigintzan aditua > HIRIA KOLEKTIBOA zenaren kidea eta egun DUNAK taldeko kidea.
- AMAIA ALBENIZ GOIKOETXEA: Arkitektura eta Hirigintzan aditua > HIRIA KOLEKTIBOA zenaren kidea eta egun DUNAK taldeko kidea.
Guztien ordezkari gisa, Ruizek hitz egin du prentsaurrekoan. Jada lanean murgilduta daude, eta, haren esanetan, lehenengo lana Usurbilen azken urteetan egin diren parte-hartze prozesuen azterketa sakona egitea izan zen. Hirigintza ez da neutroa, Ruizen esanetan: “Oso diziplina neutro eta tekniko bezala saldu izan da azken hamarkadetan, baina hiriaren eredua edo forma erabakitzen dugunean, hurrengo belaunaldien bizimodua markatzen ari gara, eta erabaki horiek oso jende gutxiren artean hartuak izan dira orain arte”. Ruizen eta bere lantaldearen ustez, orain arte ekonomiari eta merkatuari oso bideratuta hartu izan dira hirigintzarekin lotutako erabakiak: “Aurreko mendetik datorren eredu bati erantzuten dio horrek”.
Haren esanetan, hirigintzan eragin behar da egungo zenbait erronka handiri erantzuteko: “Jasangarritasuna bermatzeko, desberdintasun ekonomikoei aurre egiteko, genero arrakalari... Bizitzari aukera bat emateko. Gizartea eredu aldaketa handia eskatzen ari da”. Ruizen esanetan, Usurbilen “lanketa handia” egin da azken urteetan eta eredu berri bat heltzeko asmoa nabaria da: “Hizkuntzaren zein generoaren eraginak neurtzea garrantzitsua da, biek eragiten baitute pertsonen bizimoduan”.
Azaldu duenez, herritarrekin elkarrizketak egiten ari dira egunotan: “Emakume jubilatuekin, udan espazio publikoan umeen zainketan aritu diren gazteekin, mugikortasuna eta ekologiaren munduan dabilen beste emakume batekin, beste herrialde batzuetatik etorritako jendea ere elkarrizketatuko dugu, emakume feministekin, landa eremukoekin, jarduera ekonomikoak dituztenekin...”. Hurrengo pausoa udal barruko teknikariekin hitz egitea izango da, eta hortik osatuko dute irizpide zehatzak jasotzen dituen txostena.