Eduki publikatzailea
2021·04·14
Hilerriko hilobien lote berri bat eskaini du udalak, eta eskaerak egiteko epea zabalik dago jada, maiatzaren 24ra arte (egun hori bera barne). Guztira, 27 hilobiren eskubideak emakidan esleitzea onartu zuen otsaileko osoko bilkurak, aho batez: 50 urtetarako esleituko dira.
2000. urtean egin zen Usurbilgo hilerri berria, eta ordutik gorpuzkirik ez da atera handik. Ohiko prozeduraren arabera, hamar urtez egon daitezke gorpuzkiak hilerrian, baina oraingo honetan ez da halakorik izan, gaur arte. Ehorzleak, ordea, hilerria husteko beharra helarazi dio udalari: hormako 144 nitxoak beteta daude, eta lurrekoak soilik gelditzen dira libre. 48 eskutitz bidali zituen udalak, hilerrira sartu zirenen hurrenkeran, gorpuzki horiekin zer egin nahi zuten galdetuz senitartekoei. Gorpuzkiak berreskuratu nahi dituenak udalari jakinarazi behar dio, hori egin ezean, udalak gorpuak erraustu eta errautsen parkean botatzen baititu, ohiko prozedurari jarraituz.
Zenbait familiak, ordea, gorpuzkiak bertan uzteko nahia azaldu dute, eta horretarako modua libre dauden hilobi eta panteoien gaineko eskubideak esleitzea da. Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen astelehenean, eta 30 eguneko epea dute familiek eskariak egin ditzaten, alegia, maiatzaren 24ra arte.