Eduki publikatzailea

Atzealdea Hika lantzeko ikastaroan izena emateko epea ireki dute

Udaberrian hasitako bideari eutsi diote udalak eta Etumeta euskaltegiak. Azaroan egingo dute ikastaroa, teoria eta praktika uztartuz. Aldez aurretik izena eman behar da udaleko Kultura sailean.

2021·10·18


Hika lantzeko ikastaro berri bat antolatu dute udalak eta Etumeta euskaltegiak, elkarlanean, eta izena emateko epea ireki dute. Azaroko astearteetan egingo dute: hilaren 2an izango da lehenengo saioa eta 30ean, azkena; 18:15etik 20:00etara bitartean izango dira, Potxoenean. Alde teorikoa eta praktikoa landuko dituzte, Usurbilgo AEK-ko Rosa Zubeldia irakaslearen eskutik. Jakinarazi dutenez, hamasei lagunentzako tokia izango da ikastaroan, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea udalean, kultura@usurbil.eus helbidera idatzita edo 943 37 19 99 telefonora deituta.

Hikaren ezagutza eta erabilera areagotzea du helburu ikastaroak, eta apirilean egindako ikastaroan bezala, oraingoan ere arreta berezia eskainiko diote nokari. 2016an egin zen azken kale neurketak, besteak beste, hikaren eta, batez ere, nokaren erabileran atzemandako beherakada jaso zuten: hau da, transmisioari dagokionez, agerian gelditu zen etena. Hori izan zen apirilean ikastaroak antolatzeko arrazoi nagusia, eta harrera “bikaina” izan zuen, Euskara sailak nabarmendu duenez, ia 30 lagunek eman baitzuten izena. Ikastaroak izandako harrera on hori da saiook bigarren aldiz martxan jartzeko beste arrazoietako bat.

Horrez gain, udala eta Euskara Aholku Taldea elkarlanean ari dira hika eta hitanoa sustatzeko bestelako ekimenak antolatzeko. Jakinarazi dutenez, aurki emango dute datozen asteetarako dituzten aurreikuspenen berri.