Eduki publikatzailea

Herritarren eta merkatarien ekarpenak jasotzen hasiko da Siadeco

Usurbilgo herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plan berezia eguneratzeko lanak abian dira dagoeneko: herritarrengana eta merkatari eta ostalariengana joko du Siadecok datozen asteetan, haien kontsumo ohiturak eta ekarpenak ezagutzeko helburuarekin.

2019·10·25


2009an egin zen Usurbilgo herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko lehenengo plana: hamar urte joan dira, eta gauza asko aldatu dira ordutik, besteak beste, herritarren kontsumo ohiturak. Tokiko garapena bere osotasunean kontuan hartuta eguneratu nahi du Usurbilgo Udalak plan hori, ahalik eta eraginkorrena izan dadin, eta, horregatik, beharrezkoa izango da guztien ekarpenak jasotzea: herritarrena zein herriko merkatari eta ostalari guztiena.

Plana berritzeko lehenengo urratsa da hori: landa lana. Bi talderen iritzi eta ekarpenak jasoko ditu Siadecok. Batetik, herritarrena: 600 inkesta egingo dituzte, telefonoz. Galde-sorta sakona egingo dute, hilabete ingururen bueltan. Modu aleatorioan, ausaz, aukeratuko dituzte herritar horiek: zein kontsumo ohitura dituzten ezagutzea da helburua. Parte hartzera deitu ditu herritarrak udalak, guztien ekarpenak oso garrantzitsuak izango baitira herriko merkatari eta ostalaritza biziberritzeko bidean.

Bestetik, merkatari eta ostalarien iritziak ere jaso nahi dituzte. Horien kasuan, Siadecoko langileak pertsonalki joango dira lokaletara, euren asmoen berri eman eta merkatarien eta ostalarien ekarpenak jasotzeko. Ahalik eta gehienekin bildu nahi dute, eta, horretarako, Hurbilagoko kide ez diren horiengana ere joango dira hitz egitera.