Eduki publikatzailea

Atzealdea Herritar talde batek pediatria kontsulta duina berehala berrezartzeko aurkeztutako mozioa onartu da

Pediatria zerbitzua duintzeko eskaerari lotutako bi mozio eztabaidatu dira, iraileko osoko bilkuran: herritar talde batek aurkeztutakoa onartu da, gehiengoz, udal-gobernuaren aldeko botoekin; EAJ-k eta PSE-EE-k aurka bozkatu dute. Oposizioko bi alderdiek aurkeztutako mozio alternatiboa ez da onartua izan.

2025·09·29


Usurbilgo anbulatorioan pediatria kontsulta zerbitzu duina berehala berrezartzeko bi mozio landu dira, iraileko osoko bilkuran: herriko guraso talde batek aurkeztutakoa, eta horren aurrean EAJ-ko eta PSE-EE-k proposatutakoa. Eztabaida bizi eta luzearen ostean, lehenengoa onartu zen, EH Bilduren udal-gobernuaren aldeko botoekin; EAJ-k eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten; haiek aurkeztutako mozioa, berriz, ez zen onartu.

Apirilaz geroztik Usurbilgo anbulatorioan pediatria zerbitzurik gabe egon ostean, herriko guraso talde batek mozio bat aurkeztu zuen, iraileko osoko bilkuran. Testuan ohartarazten dutenez, bost hilabeteren ostean jarri da martxan pediatria zerbitzua, ordutegi murriztuan: “Irtenbide bat izatetik urrun, herri honetako gurasook argi dugu neurri hau Osakidetzako arduradunek ezarri nahi duten murrizketa ezkutu bat dela, eta gure seme-alabek osasun publiko hurbila eta kalitatezkoa izateko duten eskubidea urratzen jarraitzen dutela”. Salatu dutenez, bost hilabeteotako hutsuneak “kalte larriak” eragin ditu haurren artatzean, eta adibide gisa nabarmendu dute atzerapenak izan direla diagnostiko zein tratamenduetan, prebentzio-kontroletan murrizketak, larrialdietako zerbitzuen gainkarga eta familien lana eta bizitza pertsonala uztartzeko oztopoak. Usurbilgo egoera, haien esanetan, ez da salbuespena, “Euskal Osasun Sistema Publikoak bizi duen prekarietatearen isla baizik”.

Horren aurrean, hainbat eskaera egin dizkiote udalari mozioaren bidez, egungo egoera gainditzen laguntzeko:

  • Usurbilgo Udalari eskatzen diogu Donostialdea ESI-ko arduradunari galdegiteko, berehala berma dezala Usurbilgo Osasun Zentroan herriko haur eta familien beharrak %100ean beteko dituen pediatria zerbitzu duina.
  • Usurbilgo Udalari eskatzen diogu, Donostialdea ESI-ko arduradunari idatzizko informazio gardena eta zehatza galdegin diezaiola; kontratazio poltsen egoera, zergatik pediatria zerbitzuaren murrizketa eta zein irizpideren arabera hartu diren orain arteko erabakiak.
  • Usurbilgo Udalari eskatzen diogu, herri honetako gurasoen izenean aurkeztu dugun mozio hau helaraztea Donostialdea ESI-ko arduradunari.
  • Usurbilgo Udalari eskatzen diogu herritarron izenean Arartekora jo dezan egoera larri honen salaketa egiteko.
  • Eta azkenik, Usurbilgo Udalbatza osatzen dutenei, etorkizunean antolatuko diren mobilizazioei atxikimendua emateko eskatzen diegu.

Apirilaz geroztik Osakidetzarekin izandako hartu-emanen berri eman zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, osoko bilkuran. Maiatzean hitz egin zuen azkenekoz Donostiako ESIko lehen arretako arduradunarekin: plaza hutsik zegoen orduan, eta ez zuten aurreikusten udan betetzeko aukerarik, nahiz eta horretan saiatzen ari ziren; irailerako espero zuten langilea. “Telefonoz kontatutakoak idatziz erantzuteko konpromisoa hartu zuen, baina idatzi hori ez da inoiz iritsi”, nabarmendu zuen Solaberrietak.

Herritarrek mozioa aurkeztu zutenean, berriz jarri zen harremanetan alkatea Osakidetzarekin, eta hainbat dei behar izan zituen arduradunarekin hitz egiteko. Azkenean, jakin zuen pediatria zerbitzua osorik eskaintzeko bigarren profesional bat lortu zutela, eta beranduenez urriaren 6an hasiko dela lanean. Postuaren hizkuntza eskakizunari lotuta, baieztatu zuen plazaren jabedun denak betetzen duela, baina bere lanaldia osatzeko lortutako bigarren pertsonak ez, alegia, ez dakiela euskaraz. “Norbait ekartzea lehenetsi dute: jakitun dira Usurbilgo haurren gehiengoa euskalduna dela, eta bigarren medikua ere euskalduna izan dadin saiatuko dira, nahiz eta oraingoz lanaldia osatzea lehenetsi duten”. Mozioan eskatzen den bezala, informazioa idatziz emateko eskatu zion, beste behin, alkateak.

EAJko zinegotzi Xabier Otxoaren esanetan, mozio alternatiboa aurkeztu dute, PSE-EErekin batera, “zentzuzkoagoa eta errealistagoa delakoan, datuetan oinarritutako mozio bat”. Euren ustez, herritarrek aurkeztutako mozioak Osakidetza kritikatu nahi du, “besterik gabe”. Haren esanetan, azken pediatra ez zen euskalduna eta presioak jasan zituen herritarren eta udalaren aldetik: “Egoera itogarriaren ondorioz, alde egin zuen. Ondorioa da denon artean pediatra hori uxatu egin duzuela, eta herritarrek eta udalak lortu duzuela haurrak pediatrarik gabe gelditzea”. Hizkuntza eskakizunei lotuta, EAJ-k pediatra euskalduna nahiago badu ere, pediatrarik gabe gelditzeko arriskuaren aurrean, “osasuna lehenetsi” nahiago dutela adierazi zuen.

Mozioa aurkeztu zuten herritarren ordezkariek Otxoaren hitzak gezurtatu zituen. “Ez duzu egia bakar bat ere esan. Mediku hori euskalduna zen: eskerrak emateko deitu genion, eta haurrak agurtzera etorri zen. Negarrez agurtu gintuen, oso gustura zegoelako Usurbilen”. Gurasoak dira mozioa aurkeztu duten herritarrak, eta egoerari konponbidea ematea baino ez dutela helburu nabarmendu zuen: “Gu gurasoak gara, ez gara politika egiten ari. Bost hilabete daramagu pediatrarik gabe. Sei hilabete baino gutxiago dituzten haurrak soilik artatzen dituzte Lasarte-Orian: gainerakoak larrialdietara bideratzen dituzte, nahiz eta larrialdiak ez izan horretarako. Nahikoa da gezurrak esateaz”.

Ainhoa Arrozpide zinegotziak, udal-gobernuko bozeramaile gisa, Osakidetzaren inguruko herri akordio baten beharra nabarmendu zuen, baita Osakidetzaren gainbeheraren atzean “kudeatzaileen ardura” dagoela ere. Herritarrek aurkeztutako mozioko eskaerak bideratzeko konpromisoa hartu zuen, eta EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko kideei gaia lantzeko eskatuko dietela jakinarazi zuen Arrozpidek; ñabardura bat egin zuen, arartekora jotzeko eskubidea herritarrena dela eta haiek jo beharko luketela azaltzeko. Oposizioaren jarrera salatu zuen, horrekin batera: “Errealitatetik kanpo zuek zaudete, oso garbi gelditu da. Erabiltzaileen hitzak jaso ditugu hemen, eta egin dituzuen akusazioak oso larriak dira”.

Petri Romero PSE-EEko zinegotziak esan zuen dena hobetu zitekeela, “baita Osakidetza ere”. Bilkuran esandakoak zalantzan jartzen ez baditu ere, oposizioari “bestelako informazioa” iritsi zaiola nabarmendu zuen, eta horregatik proposatu dutela beste mozio bat.

Herritar talde batek aurkeztutako mozioa (PDF): hemen.

EAJ-k eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa (PDF): hemen.