Eduki publikatzailea

Atzealdea Herriko zazpi eragilerekin jarri da martxan Usurbilgo Oinherri taldea

Noauak, Gaztelekuak, Ziortzak, Udarregik, Zubietako eta Aginagako eskola txikiek eta udalak osatu dute herriko Oinherri taldea. Doluaz haur eta nerabeekin egindako lanaren berri eman dute Sutegiko aurkezpenean.

2021·06·10


Herriko zazpi eragilek osatu dute, orain arte, Usurbilgo Oinherri taldea: Noauak, Gaztelekuak, Ziortzak, Udarregik, Zubietako eta Aginagako eskola txikiek eta udalak. Atzo aurkeztu zuten taldea, Sutegin: Oinherri zer den eta Usurbilgo taldea zeintzuek osatu duten azaldu zuten, haur eta nerabeekin egindako lehen lanketaren berri emateaz gain.

Maite Azpiazu Oinherriko hezitzaileak heziketa “denen” ardura dela aldarrikatu zuen: “Heziketa familiaren eta eskolaren gain uzten da, haurretatik hasi nerabezaroan amaituko balitz bezala. Gure ustez, askoz eremu zabalgoetan ematen den prozesu bat da: herria bera da eremu hezitzaile bat, ikastetxeko lau paretak gaindituta”. Zentzu horretan, herritarrak hezitzaile direla nabarmendu zuen: “Hezkuntzaren ardura konpartitua da. Egiten dugun horrekin, egiteko moduekin, balio batzuk edo beste batzuk sustatzen ditugu: zein ederra litzatekeen denen artean adostuko bagenu zein baliorekin hezi nahi dugun”.

Gaur egun, 25 herrik parte hartzen dute herri hezitzaileen sarean. Oinherrik aholkularitza eskaintzen die tokian tokiko taldeei, sareko kideen arteko elkartrukea ahalbidetzen, udalekin hitzarmenak sinatuta. Usurbilek iaz egin zuen bat Oinherrirekin, otsaileko osoko bilkuran hala erabakita.

Herriko taldeak orain arte izandako bilakaera azaldu zuen Aritz Rekondo Ziortzak kideak. Bi helburu izan dituzte: batetik, taldekideek eurek Oinherriren filosofia barneratzea eta egunerokoan nola aplika daitekeen jabetzea, eta, bestetik, elkar ezagutzea, eragile bakoitzak herrian zein ekarpen egiten duen ulertzea. “Oinherriren printzipioak ikusita, jabetu ginen Usurbilen ez ginela hutsetik hasiko, oinarri bat badagoelako”.

Hilabetean behin bildu ohi da taldea. Guztien artean egin beharreko lehenengo ekintza Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emandako zuhaitzak landatzea izan zitekeela erabaki zuten, eta halaxe egin zuten, nork bere taldean heriotzaz eta doluaz lanketa egitearekin batera. Rekondoren esanetan, Ziortza, adibidez, Lasarte-Oriako Inurri taldearekin jarri zen harremanetan, eta batxilergoko lehenengo mailako ikasleekin egin zuten heriotzaren inguruko hausnarketa.

Zubietako eskola txikian, gaia Lehenengo Hezkuntzako haurrekin lantzea erabaki zuten, Rosa San Roman irakasleak azaldu zuenez. Hainbat aldiz ikusi zuten Amaren intxaurrak emankizuna, eta galdetegi bat egin gaiaren inguruan. “Gaiaz hitz egitea kostako zitzaigula uste genuen, baina haiek aise hitz egin zuten, beharbada, helduok baino errazago”.

Oinherriko taldea osatu duten eragileek egindako lanketa bideo batean jaso dute: