Eduki publikatzailea

Herriko ura Kale Nagusitik harago iritsiko da, maiatzaren 20tik aurrera

Udalak iaz egindako 894.125 euroko inbertsioari esker, Andatzak eskaintzen duen ura herriko etxebizitzen %40ra iristetik %62ra iristera pasatuko da. Herritarrek herriko ur sistema ezagutzeko bi bisita eskainiko ditu, maiatzaren 24an eta 25ean.

2024·05·13


Astelehenetik, maiatzaren 20tik, aurrera, herriko ura Kale Nagusitik harago iritsiko da: herriko etxebizitzen %62 herriko urarekin hornituko da (lehengo %40aren aurrean). Herriko ura, Andatza menditik datorrena, ahalik eta gehien baliatzeko helburua eta nahia izan du udalak, eta iazko otsailean hasi zuen hori lortzeko inbertsioa, 894.125 eurokoa. Lanak amaituta, herriko ura obren aurreko mailaraino banatu da 2024ko lehenengo hilabetetan, eta gaur zortzi, maiatzaren 20an, Kale Nagusia gainditu eta ia kaxko osora zabalduko da, Kalezarrera izan ezik. Udalbatzako zinegotziek maiatzaren 8an izan zuten ur sistema ezagutzeko aukera, udaleko langileen eskutik.

Usurbilgo etxebizitzak Erroizpeko zein Añarbeko urarekin hornitzen dira; giltzen bidez, bata edo bestea erabiltzeko aukera ematen du Usurbilgo ur sistemak. Gaur arte, Erroizpen dauden hiru iturburuen bidez Usurbilgo etxeen %40 hornitzen zen (Zubieta, Aginaga, Santuenea, Txokoalde, Urdaiaga eta, kaxkoan, Kale Nagusitik beherako zatia). Filtrazio sisteman egin den inbertsio honi esker, Erroizpeko hiru iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatzeko aukera izango da: segundoko 11 litro ordez, 86 litro erabili ahal izango dira, eta horrek ahalbidetuko du, beraz, etxe gehiagotara iritsi ahal izatea.

Nagusiki, hiru lan egin dira. Batetik, San Esteban 1 deposituan (parke azpian dagoena) filtro berriak jarri dira, Erroizpeko iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatu ahal izateko. Era berean, telekontrol sistema berria jarri da, Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik bultzatutako PERTE dirulaguntza baliatuta. Horrez gain, Erroizpeko iturburuak eta San Esteban 1 depositua lotzen dituen hodia berritu da: jatorrizko proiektua filtroak aldatzeko idatzi zen, baina obrak egingo zirela aprobetxatuz, hodia ere aldatzea erabaki zen, berritzeko zuen premia ikusita. “Udalak beti egin izan du ur propioaren aldeko apustua, eta horretan jarraituko dugu: gure herriaren ondare, ondasun eta altxor preziatua den ura zaintzen eta babesten jarraitu dezagun”, nabarmendu du Ainhoa Arrozpide Ingurumen zinegotziak.

Hiru egoera, uraren hedapenerako

Filtrazio sistema hobetzeko lanak urte hasieran amaitu ziren. Lanek iraun bitartean, Añarbeko urarekin hornitu dira herriko etxe guztiak. Lanak amaituta, uraren hedapenari ekin zaio, modu kontrolatuan. Horretarako, hiru egoera aurreikusi ditu udalak.

  • Lehenengo egoera, urte hasieratik martxan dagoena, ura obren aurreko mailaraino eramatea izan zen. Hau da, lehen bezala, herriko ura banatzea Zubieta, Aginaga, Santuenea, Txokoalde, Urdaiaga eta, kaxkoan, Kale Nagusitik beherako zatira.
  • Bigarren egoera maiatzaren 20tik aurrera jarriko da martxan, herriko urak Kale Nagusia gainditu eta kaxkoko etxebizitza guztietara eramandakoan, Ugartondoraino.
  • Dena ondo bidean, hirugarren egoerara iristea lortzea ere espero da: herriko ura ia Kalezar osoraino eramatea. Hori lortuz gero, herriko ura herriko etxebizitzen %80 ingurura iritsiko litzateke: Añarbeko urarekin hornituko liratekeen guneak soilik Kalezarren goiko zatia eta Txikierdi-Urbil ingurua lirateke.

Hiru egoerak mapa batean grafikoki erakusten dituen dokumentua: hemen.

Ur sistema etengabe aztertzen da: udalak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak ere maiz hartzen ditu laginak. Udaleko Ingurumen sailaren arabera, ura nondik hornitu erabakitzeko aukera izatea bereziki gomendagarria da, edozer gertatuko balitz, bata edo bestea aukeratu eta ur hornidura une oro bermatu ahal izateko. Hala izan da orain arte, eta aurrerantzean ere hala izaten jarraituko du: herriko urarekin hornitzen ez diren etxebizitzetan Añarbeko Txalin eta Larbain deposituetatik jasotzen den ura eramaten jarraituko da. Ez hori bakarrik: urtaroen arabera, Andatzako uraren emaria handitu edo gutxitu egiten da, eta lehorterik balego, udalak beti izango luke Añarbeko ura banatzeko aukera, ur hornidura bermatuz etxebizitza guztietan.

Bisitak, herritarrentzat

Usurbilgo ur sistema bertatik bertara ezagutzeko aukera emango zaie herritarrei: bisitak Erroizpen hasi eta San Esteban I deposituan amaituko dira: udaleko ordezkari politiko zein teknikoek emango dituzte azalpenak, eta, guztira, bi ordu inguruko saioak izango dira. Hitzordua, dena den, Txokoargiko aparkalekuan egin dute: han elkartu eta elkarrekin igoko dira Erroizpera.

Maiatzak 24. 17:00-19:00. Izena emateko, hemen.

Maiatzak 25. 10:00-12:00. Izena emateko, hemen.

Parte-hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea Usurbil Kultura plataforman, bisitari kopurua mugatua izango baita.

Beste pauso batzuk, aurreko urteetan

2021eko otsailean, San Esteban I eta II deposituak lotzen dituen hodia berritu zuen udalak. 2022ko otsailaz geroztik, Usurbilgo Udala da Erroizpeko uraren KZU Kontrol eta Zaintza Unitatearen arduraduna, ur horren titularra izateaz gain.