Eduki publikatzailea
Atzealdea Herriko taldea izango da Lilatoian, Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak proposatuta
2024·12·19
Emakumeen lasterketa herrikoi Lilatoian talde gisa parte hartzeko proposamena egin du Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak. Taldea osa daitekeen baloratzeko, parte hartu nahi luketen emakumeentzako izena emateko deialdia egin dute, abenduan, galdetegi bat beteta. Zehazki, bi talde egin daitezkeela proposatu dute, Lilatoia korrika edo oinez egiteko, eta erantzun ona izan du deialdiak: 44 emakumek eman dute izena. Lilatoiko izen-emate ofiziala irekita dagoen bitartean aukera izango da Usurbilgo taldean izena emateko ere: Lilatoiko antolatzaileen arabera, urtarrilaren 23ra arte edo plaza kopurua bete arte emango dute horretarako aukera (lehenengo gertatzen denaren arabera).
Usurbilgo taldean parte hartu nahi duenak, Lilatoian izena eman aurretik, Usurbilgo Emakumeon Etxera jo beharko du (aurrez aurre, telefonoz edo emailez): kode bat emango diote han. Kode hori ezinbestekoa da izena-emateko webgunera sartu eta talde horretako kide gisa izena emateko. Galdetegi bat bete beharko du parte hartzaile bakoitzak, “informazio zehatza eta osoa emanez”. Galdetegia osatutakoan gordeko da plaza. Lilatoian parte hartzeko 15 euro ordaindu behar dira: izena emateko momentuan bertan ordaindu beharko du nork berea.
Hori eginda, Usurbilgo Emakumeon Etxeko whatsapp kanalera harpidetu, eta horren bidez jasoko da entrenatzeko hitzorduen berri.
Ariketa fisikoa elkarrekin egitea herriko emakumeak elkartu eta harremanak sendotzeko modua izan daitekeelakoan egin dute Lilatoian parte hartzeko proposamena. Izatez, proposamen hori aipatu izan da Emakumeon Etxeko asanbladetan: Elkarrekin Egunean 50 emakume inguru elkartu ziren azaroaren 30ean, eta orain Lilatoia elkarrekin egiteko proposatu dute.
Informazio gehiago:
emakumeonetxea@usurbil.eus
943 37 71 1