Eduki publikatzailea

Atzealdea Herriko kultur sormena diruz lagunduko du udalak

Guztira, 30.000 euro bideratuko ditu 2021ean eta 2022an burututako lanak laguntzera. Aurreikuspenen arabera, martxo hasieran irekiko da eskatzeko epea, gainerako dirulaguntzekin batera. Eskaerak digitalki tramitatzeko laguntza saioa antolatuko du udalak.

2022·02·17


Herriko kultur sormena laguntzeko dirulaguntza deialdia egingo du udalak, lehenengo aldiz. Aurreikuspenen arabera, martxo hasieran irekiko da eskatzeko epea, gainerako dirulaguntzekin batera, eta 20 egun balioduneko epea izango da eskatzeko. Udalak, guztira, 30.000 euro bideratuko ditu 2021ean eta 2022an burutako lanak laguntzera. Lerro berri horren inguruko informazioa emateko bilera egin dute, Potxoenean.

Hainbat helburu ditu dirulaguntza lerro berriak: sormena bultzatzea, kultura sare eraldatzaile, dinamiko eta parte-hartzailea sustatzea, herritarrek gozatzeko kultur eskaintza erakargarria, anitza, hurbila eta eskuragarria sortzea, eta, era berean, bertako kultura balioan jarri eta gizarte integratzailea eraikitzen laguntzea. Diruz lagunduko dira, halaber, arte eszenikoak eta performatiboak, arte plastikoak, musika-arteak, literatura-arteak, ikus-entzunezkoak zein beste zenbait kultur adierazpen artistiko sortzeko edota garatzeko proiektuak.

Kultur eskaintza zabala du Usurbilek, baina sorkuntza ez da zuzenean lagundu izan, Luken Arkarazo zinegotziak bileran nabarmendu duenez: “Usurbilek badu bere esentzian eta errealitatean kulturgintzarako gogoa, jarduna eta zeresana. Sorkuntza zuzenean ez da lagundu izan, ordea: hutsune bat zegoen hor”. Gaineratu duenez, udal-gobernuak osatutako Legealdiko Planean jasoa dute neurria. Laguntza berria kultur munduan lehendik ere badabiltzanei zein hasiberriei irekia dagoen arren, lehenengo lana izatea kontuan hartuko dute, eskaerak baloratzerako orduan.

Hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan eskaerak baloratzerako orduan. Sortzailearen lehenengo lana izan edo ez izateaz gain, lanaren originaltasuna, sormena eta berritzailetasuna; herriko kultur eta gizarte dinamikekiko lotura; ingurumena, euskara, parekidetasuna, kulturartekotasuna... bezalako alorrekiko erantzukizuna eta eskaeraren lanketa, zehaztasuna eta argitasuna. Norbanako edo talde bakoitzaren lan bat baino gehiago lagun litezke diruz, baina eskatzaile bakoitzeko muga 3.000 eurokoa izango da. Horrez gain, lanek jatorrizkoak izan behar dute, eta ez dira onartuko 2021 baino lehenago hasi edo amaitutakoak.

Kultur taldeak eta Izenpe txartela

Pertsona fisikoek udalean presentzialki edo telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza eskariak; pertsona juridikoen kasuan, ordea, soilik telematikoki egin ahal izango dute. Tramite horiek egiteko laguntza saioak emango ditu udalak; lotu bezain pronto emango dute horren berri. Dena den, ohartarazi dutenez, eskariak telematikoki egin ahal izateko, taldeek, lehenengo, Izenpe txartel propioa atera beharko dute; Izenperen Donostiako San Bartolome egoitzan egin daiteke.