Eduki publikatzailea
Atzealdea Herriko kirol sistema indartzeko lanketa, abian
2026·06·02

Udaleko Kirol sailak azken hilabeteotan martxan jarri dituen bi lan-ildoren berri eman du. Herriko kirol, hezkuntza eta aisialdiko eragileekin elkarlanean, Eskola Kirolaren eredu propioan sakontzeko eta herriko kirol klubak indartzeko lan-ildoak lantzen aritu dira: biek ere kirolaren eta jarduera fisikoaren Aktibatzen Plan Estrategikoan (2022-2026) dute jatorria.
Bi gai desberdin izan arren, elkarlotu egiten dira askotan, Xabat Beloki Segurola Kirol zinegotziaren esanetan, eta horregatik ari dira bi gaiak aldi berean lantzen. Eskola Kirolari dagokionez, udalak zein Zirimaran parte hartzen duten beste eragileek ere argi ikusten dute eredu propioaren aldeko proiektuarekin jarraitzeko beharra. Izan ere, Belokik gogoratu duenez, Usurbilen lehenagotik dator eredu propio hori: “Usurbilen Zirimara daukagu martxan duela zenbait urtetatik. Gure ustez, haurrek kirol desberdinak probatzea funtsezkoa da, eta hori da sustatzen dugun kirol eredua. Izan ere, aniztasunak gaitasun gehiago garatzen laguntzen du, eta haurraren garapen integrala bermatzen laguntzen du”. Kontrara, espezializazio goiztiarrak esperientzia aberasgarriak bizitzeko aukerak murriztea dakar, haren esanetan.
Eredu propioaren aldeko borondatea lehenagotik badator ere, Eskola Kirolaren egungo egoera ere gogora ekarri du Belokik, azken hilabeteetan epai batek Gipuzkoan urte luzez errotuta izan den araudia bertan behera utzi baitu. Horregatik guztiagatik, Usurbilgo Eskola Kirolaren herri ituna osatzekotan dira udala eta eragileak. Eskola Kiroleko koordinatzaile den Iban Maritxalarrek azaldu duenez, itun hori kirol hastapenaren ingurukoa izango da. Egungo Euskadiko kirol araubideak oinarrizko marko bat ezartzen du, eta horren barruan kokatuko da Usurbilgo ituna ere, eta, horrekin batera, adin horietan diharduten eragileen arteko oinarrizko adostasun bat lortzea ezinbestekoa delakoan egingo dute urratsa. “Itun honetan irizpide batzuk finkatu nahi ditugu, helburu batzuk eta konpromiso batzuk: herrian hainbat klub edo kirol talde daude, eta ahalik eta gehienek bat egitea nahi dugu”. Itun hori eragileentzat oinarri sendo bat izango da, lanean jarraitzeko: “Legitimitatea emango liguke baliabideak norabide zehatz batean antolatzeko, batzuk lehenetsiz eta, ezinbestean, beste batzuk ezesteko”. Maritxalarren esanetan, ahalik eta azkarren sinatzeko asmoa dute, eta orduan emango dute itunaren edukien berri, xeheago.
Belokik azaldu duenez, itun horrek, gainera, kluben eta eragileen arteko koordinazioa, komunikazioa eta elkarlana bilatzea ere helburu izango du: “Itunaren bidez sustatu nahi dugun Eskola Kirolaren ereduak ezinbestekoa du hori”. Horren ondorioz, herriko kirol klubak indartzeko beharraren lanketa ere aktibatu dute, guztiak klub bakarrean biltzen saiatzeko. “Klubek babes integrala eta koordinatua behar dute, eta uste dugu sinergiarako aukerak badaudela, hau da, badirela klubek euren indarrak batuta landu ditzaketen zenbait gai, funtzionamendua hobetzea ekarriko luketenak”.
Ainhoa Azkue UFT Usurbil Futbol Taldeko zuzendaritzako kideak nabarmendu duenez, funtzionamendua hobetzearekin batera, kluben administrazioarekin eta kudeaketarekin erlazionatutako zenbait behar komun ere badituzte, eta baliabideak batzeko aukerak aztertuko dira, behar horiei elkartuta erantzuteko. Azaldu duenez, klub eta taldeen baldintzak edo egoera ez dira berdinak, eta antolatzeko moduak ere desberdinak dira askotan: “Klub bakarraren aldeko jarreraz harago, datozen hilabeteetan egokituko zaigun lana da ikustea zenbateraino bateratu gaitezkeen klub bakarrean, antolaketa eredu desberdinak nola uztartu ditzakegun, eta, behin hori eginda, zenbat taldek parte hartuko genukeen proiektu horretan”. Azkuek gogoratu duenez, aspaldikoa da klub bakarra osatzeko beharra, eta horren aldeko apustua egin nahi dute: “Gure ustez, herriko klub eta taldeak indartzeko modua izan daiteke, eta ahalegina egitera goaz”.
