Eduki publikatzailea
Atzealdea Herriko airearen kalitatea eta kontrola hizpide, Ingurumen sailburuordearekin eta Ucinekin egindako bileretan
2020·11·10
Ingurumen gaiak izan dituzte ardatz azken egunetako bi bileratan udal-gobernuko kide Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eta Joxe Mari Iribar Ingurumen zinegotziak. Batetik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Amaia Barredorekin bildu ziren atzo, eta, bestetik, Jose Maria Ucin SA enpresarekin, ostiralean. Biak ere helburu batekin egin dituzte: herriko airearen kalitatearen neurketei jarraipenari eustea eta hobetzea, udalerriko lantegiekin eman beharreko aurrerapausoak zehaztuz, eskumenak dituzten erakundeei dagokien erantzukizuna eskatuz.
Azken hilabeteetan hainbat herritarrek igorritako salaketez hitz egin dute udal-gobernuko ordezkariek Barredorekin izandako bileran: salaketa horien aurrean Eusko Jaurlaritzak zein neurri hartuko dituen galdetu zioten. Berriki Jaurlaritzak ingurumen baimen bateratu berrian ezarritako emisio mugen eta horien kontrola hobetzeko neurrien inguruan ere hitz egin dute, elkarlana eta dagokien erantzukizunari heltzea eskatzeko. Jaurlaritzako ordezkariek, euren aldetik, hitz egindako gaien inguruan erantzuteko konpromisoa hartu dute.
Aire kalitatearen jarraipenaren haritik, iaz hasi zen udala UPCrekin elkarlanean, Kataluniako UPC unibertsitatearekin. Hain zuzen ere, udala UPCrekin lantzen ari den udalerriko aire kalitatearen modelizazio lanak egiteko beharrezko duen informazioa lehenbailehen igortzeko ere eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Herriko emisio-foku guztiak aintzat hartuta, modu bateratuan Usurbilgo aire kalitatean zein eragin duten ikustea ahalbidetuko du modelizazioak. Hain justu, herriko aktibitate potentzialki kutsakorrenen azken urteetako emisioen neurketen datuak eskatu dizkiote Jaurlaritzari, modelizazioa egiteko ezinbestekoak baitira.
Jose Maria Ucin SA enpresarekin egindako bileran ere herritarrek egindako salaketak eta kezkak zuzenean adierazi zizkieten. Egindako obren inguruan eta aurrez udalak ezarritako baldintzez ere hitz egin zuten, aurrera begirako pausoak zehazteaz gain.