Eduki publikatzailea
Atzealdea Herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana: herritarren eta merkatari eta ostalarien iritzi eta ekarpenak biltzen ari da Siadeco
2019·11·11
2009an egin zen Usurbilgo herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko lehenengo plana: hamar urte joan dira, eta gauza asko aldatu dira ordutik, besteak beste, herritarren kontsumo ohiturak. Bide-orri bat izan da 2009ko hori Usurbilgo Udalarentzat zein Hurbilago elkartearentzat, baina plan hori eguneratu eta urrats berriak egiteko unea iritsi da, garai eta behar berriei aurre egiteko. Herri-merkataritzak eta ostalaritzak Usurbilgo Udalarentzat duen garrantzia nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta alkateak: “Hainbat faktorek eragiten dute herri baten bizitzan, bizigarritasunean, eta zalantzarik gabe, herri-merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak dira horietako bat. Izan ere, merkataritza bizirik duen herria bizirik dagoen herria da: ez dugu nahi herriko plazak saltoki handietara lekualdatzerik. Ez ditugu gure herriko kaleak hutsik nahi”.
Solaberrietak ohartarazi duenez, jakina da tokiko merkataritzak ez dituela garai errazak edo gozoak bizi: “Azken aldian maiz iristen zaizkigu merkataritza-gune handiei buruzko albisteak; gune berrien edota egun daudenak handitzeko proiektuak nonahi sortu dira: Zaldunborda, Illunbe, Garbera, Belartza, Michelin inguruan egin nahi dutena, Terasategi.... Egun aurreikusten diren proiektu guztiak gauzatuko balira, Donostialdea inguruan, Irundik Usurbilera arteko lur-eremuan, 200.000 metro koadro gehiago okupatuko lirateke jarduera komertzialetarako. Eta, gure ustez, desegonkortasuna, desestabilizazioa ekarriko diote sektoreari”. Horregatik, herriko merkataritza bada udalaren ardura, eta, noski, neurriak hartzea egoera horri aurre egiteko.
Zer eskaintzen dute Usurbilgo merkatari eta ostalariek? Zer eskari dago? Zein hutsune daude? Zer kontsumo ohitura dituzte herritarrek? Nola eragiten dute kontsumo ohitura horiek herriko merkataritzan? Galdera horiei eta beste hainbati erantzutea izango du helburu Herri-Merkataritza eta Ostalaritza Biziberritzeko Planak: datozen bost urteetako ildo estrategikoak, helburuak eta egitekoak zehaztuko ditu plan eguneratuak.
Bi fase: diagnostikoa eta plangintza
Juanjo Allur Siadeco ikerketa elkarteko arduradunak azaldu duenez, bi fase izango ditu Usurbilgo Udalaren enkarguz Siadeco ikerketa elkarteak egingo duen ikerlanak: diagnostikoa eta plangintza. Abian da dagoeneko diagnostiko fasea. Lehenik, usurbildarren erosketa ohiturak aztertuko dituzte. Duela hamar urte egin zen plan hark non erosten zuten galdegin zien herritarrei: oraingoan, informazio zehatzagoa ere jasoko dute, zergatik ere galdetuko baita, oso zehatz. Non egiten dituzte erosketa desberdinak? Zer herriko denda txikietan, eta zer herritik kanpo? Zergatik? Zer ezaugarri dituzte nagusiki herrian erosten dutenek? Eta azalera handiko merkataritza eremuetan egiten dituztenek? Internetez gero eta gehiago erosten dutenek?
Bigarrenik, herriko merkatari, tabernari eta zerbitzuetako profesionalen iritziak jasoko dituzte, egungo egoera eta etorkizunerako aurreikuspenak aztertzeko. Izan ere, garrantzitsua izango da jakitea, batetik, Usurbilgo merkataritza sektorea tokiko merkataritzak dituen erronka berriei erantzuteko gai izango ote den [zenbateko iniziatiba eta indar dagoen ekintzailetzarako, berrikuntzarako, eta abar], eta, bestetik, negozioen jarraipena ziurtatzeko zein gaitasun duen [tokiko merkataritzak, oro har, arazo handiak izaten ditu horrekiko: hori gertatzen ari da jada Usurbilen ere?].
Plangintzaren fasean, diagnostikoan identifikatutako ahulguneei nola aurre egin argituko dute, helburuak, lan ildoak, eragile bakoitzaren ardura eta egitekoak, aurrekontuak, finantzaketa moduak eta abar zehaztuz. Zein bide hartu behar du Usurbilek tokiko merkataritzari eutsi nahi badio? Zein dira eskaini beharreko zerbitzu berriak edo indartu beharrekoak? Zertan izan behar dute saltokiek ezberdinak eta hobeak azalera handietara joateko edo Interneterako joerari aurre egiteko?
Diagnostikoaren lanketa martxan da, hau da, landa lana. Hiru modutara eskuratuko du Siadecok informazio hori guztia. Batetik, Usurbilgo herritarrei zuzendutako inkesten bidez [dagoeneko hasi dira egiten]: 16 urtetik gorako herritarren lagin adierazgarri bati eskatuko zaio inkesta erantzuteko. Guztira, 600 inkesta: “kopuru oso altua” da hori, Usurbilek duen tamainarako, Allurren esanetan. Bestetik, partaidetza bilerak egingo dira herritarrekin eta herriko eragileekin: inkesta bidez jasotako datu kuantitatiboez gain, herritarren iritziak eta proposamenak ere jaso nahi dira. Eta, azkenik, aurrez aurreko elkarrizketak egingo zaizkie herri-merkataritza, ostalaritza eta gainerako zerbitzu guztietako saltokietako arduradunei: ehun saltoki ingurutara joan asmo du Siadecok. Ikerketaren tamainak erakusten du Usurbilgo Udalak gaiari aitortzen dion garrantzia, Solaberrietaren esanetan. Horrez gain, Hurbilago elkarteak herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko egiten duen lana aitortu du, eta plana eguneratzeko ezinbestekoa izango da horren laguntza, haren arabera. Hala ere, Usurbilgo Udalak tokiko garapena bere osotasunean kontuan hartuta eguneratu nahi du plana, ahalik eta eraginkorrena izan dadin, eta, horregatik, beharrezkoa izango da guztien ekarpenak jasotzea: herriko merkatari eta ostalari ahalik eta gehienena, Hurbilagoren parte izan zein ez.
Parte hartzearen garrantzia
Herritarrak inplikatzearen garrantzia nabarmendu du Allurrek, “Usurbilgo herri-merkataritza indartu eta herrigunean eta auzoetan dauden zerbitzuak hobetzen lagunduko duelako”. Allurrek azaldu duenez, ausaz aukeratu dituzte inkestari erantzungo dioten etxebizitzak; informazioa era anonimoan tratatuko da, eta datuak estatistika orokorrak kalkulatzeko baino ez dira erabiliko. Udalak ere parte hartzera deitu ditu herritarrak, guztien ekarpenak oso garrantzitsuak izango baitira herriko merkatari eta ostalaritza biziberritzeko bidean. “Guztion esku egongo da gaur egungo egoerari ahalik eta zehatzen begiratzea, etorkizunari aurre egiteko bide-orri ahalik eta egokiena osatu ahal izateko, herri honek bizirik jarraitzeko ahalik eta tresna gehien izateko”, nabarmendu du Solaberrietak. Horrez gain, eskerrak eman dizkie Siadecori eta Allurri berari, sekulako lana egin baitute tamaina horretako azterketa sakona diseinatzen.
Diagnostikoaren emaitzak urtarrilerako izatea aurreikusten du Siadecok, eta plangintza, berriz, udaberrirako egongo da prest.