Eduki publikatzailea
Atzealdea Haur eskolaren doakotasunaren bidean, udalak gurasoen kuotaren bi herenak bere gain hartuko ditu
2023·04·20

Usurbilgo Udalak ekarpen ekonomiko handiagoa egingo dio udal haur eskolari 2023-2024 ikasturtean, gurasoen kuotaren bi heren inguru bere gain hartuta. Eusko Jaurlaritzak duela bi hilabete inguru komunikabideetan iragarri zuen Partzuergoaren bidez kudeatzen dituen haur eskoletan doakotasun unibertsala ezartzeko asmoa, baina hortik kanpo utzi ditu udal haur eskolak, orain arteko finantzazioa bere horretan mantenduz. Udal haur eskolak dituzten beste herriekin alderatuta, Usurbilen ziklo horretako eskaintza bakarra udal haur eskolarena da. Erabakiaren berri eman dute, bilera publikoan, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eta Beñat Larrañaga zinegotziak: Jaurlaritzaren erabakiak Usurbilgo eta inguruko herrien eskaintzaren arteko eragingo duen desoreka apaltzeko behin-behineko neurria da, urtebeterako.
Udal-gobernuko kideen ustez, udal haur eskolak udalek eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak izanik, Partzuergokoen pare finantzatu beharko lituzke Jaurlaritzak. “Doakotasunaren bidea txalotzen dugu, baina Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu handitu dezala udal haur eskolen finantzazioa. Udal haur eskoletara bideratuko duen dirua mantendu egin du, udal haur eskolak ditugun udalerriak diskriminatuz”. Azaldu dutenez, EAEn 13 udalerritan daude udal haur eskolak, eta Jaurlaritzarentzako kostu ekonomiko hori bere gain hartzea ez litzateke zama bat: “Aurten, 3.150.000 euro bideratu ditu udal haur eskoletara, eta gastu hori bikoiztuta arazoa konponduta legoke. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua, 2023an, 14.500 milioi euro ingurukoa da, eta Partzuergora 66 milioi euro bideratzen ditu”.
Udal haur eskolaren egungo finantzazioa honela banatzen da: Eusko Jaurlaritzak %49, gurasoek %33 eta %18 udalak. Aldaketarekin, gurasoen kuotaren bi herenak bere gain hartuta, udalarena %40-41era igoko litzateke, eta gurasoena %11-12ra jaitsi. Dirutan, gaur egungo kopuruaren arabera, 100.000 euro gehiago jarriko lituzke udalak; erreferentzia gisa, aurten 70.000 euro bideratu ditu (guztira, 170.000 euro). Haur kopuruak gora egingo balu, udalaren ekarpena handitu egingo litzateke.
Haatik, testuinguru berri horretara moldatzeko urratsak egin asmo ditu udalak: familien kuotaren bi heren inguru bere gain hartzea da asmoa. Azaldu dutenez, urtebeterako erabakia da, oraingoz, datorren ikasturtean Hezkuntza Sailak emango dituen pausoen ikuskizun, eta hurrengo ikasturteetan zer egin erabakitzeko hausnarketa egin beharko dela ohartarazi. Izan ere, erabakiak udalarentzat suposatzen duen “esfortzu ekonomikoa” nabarmendu dute: “Udalarentzat, hau ez da sostengarria denboran: behin-behineko neurri gisa planteatzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzak udal haur eskolen finantzazioa ez badu bere gain hartzen, ez dugu ezer baztertzen, eta Partzuergorako bidea jorratzeko aukera ere”.
Doakotasunaren bidetik, familiek hobarien sistema eskura dutela gogorarazi dute bileran. Bizikidetza unitateko kide kopuruaren eta diru-sarreren arabera, %50, %75 eta %90 arteko hobariak jaso ditzakete, eta, beraz, zerbitzu publikoengatik %50, %25 edo %10 soilik ordaindu beharko lukete: udal haur eskolaren tasan ere aplikagarria da.
