Eduki publikatzailea

Atzealdea Haur eskola zerbitzu berriaren aurkezpena, martxoaren 24an

Usurbil Haurreskolak Partzuergoan integratzeko eskaera onartu zen otsaileko osoko bilkuran: 2026-2027 ikasturtetik aurrerako zerbitzua aurkeztuko dute martxoaren 24an, Sutegin, 18:00etan.

2026·03·16


Udal zerbitzua izatetik Haurreskolak Partzuergoaren bidez eskaintzera pasatuko da haur eskola, 2026-2027 ikasturtean. Eusko Jaurlaritzak, haur eskolen eskumena berea dela argudiatuta, udal haur eskolei egiten zien ekarpen ekonomikoa etetea erabaki ondotik, horiek Haurreskolak Partzuergoan integratzeko prozesua abian da, baita Usurbilen ere: otsaileko osoko bilkuran, hain zuzen, Usurbil Haurreskolak Partzuergoan integratzeko eskaera onartu zen. Udaleko eta partzuergoko ordezkariek zerbitzu berriaren aurkezpen irekia egingo dute: martxoaren 24an izango da, Sutegin, 18:00etan.

Joan-etorri ugari izan ditu haur eskolaren gaiak azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak doakotasun unibertsala iragarri zuenetik. Usurbilgo kasuan, 2022-2023 ikasturtera arte, Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren %49 finantzatzen zuen, gurasoek %33 eta udalak %18. Aldaketarekin, udalak gurasoen kuotaren %62 bere gain hartzea erabaki zuen, inguruko herrietako zerbitzuekiko desberdintasunak apaltze aldera: era berean, ohartarazi zuen udalarentzat esfortzu ekonomiko handia zela, eta ez zela jasangarria denboran. Jaurlaritzak iragarri zuen 2024-2025 ikasturtea izango zela udal haur eskolei ekarpen ekonomikoa egingo zien azkena; udalek hala eskatuta, integrazioa urtebete atzeratu eta 2025-2026 ikasturterako azken ekarpena egitea onartu zuen.

Urteotan, aukera guztiak jarri dira mahai gainean. 0-3 zikloa eskaini izan du udal haur eskolak, eta baloratu den aukeretako bat izan da udalak zein ikastolak 0-3 zikloa osorik euren gain hartzea, baina batak zein besteak ezinezkotzat jo zuten. Hala, 0-2 zikloa Haurreskolak Partzuergoarekin eta 2-3 ikastolarekin eskainiko da 2026-2027 ikasturtetik aurrera. Zerbitzuaren inguruko xehetasunak azalduko dituzte datorren asteko aurkezpenean.

 

Baldintzen zehaztapena eta hitzarmena

Osoko bilkuran Xabi Aranburu zinegotziak azaldu zuenez, partzuergoan integratzea hainbat urratsez osatutako prozesua da, eta Usurbil bertan integratzeko eskaera onartzea urrats horietako bat da. Hurrengo urratsa egitea partzuergoko zuzendaritzari dagokio: Usurbilen eskaera onartu beharko du. Eskaera onartutakoan, Usurbilgo haur eskolari dagozkion baldintzak zehaztu beharko dira, eraikinari eta zerbitzua emateko beharrezkoak izango diren langileei dagozkienak, batik bat. Hori guztia hitzarmen batean jaso beharko dute, gero: dokumentu hori uztailean sinatzea aurreikusten da.

Haurreskolak Partzuergoaren aurkezpena (PDF): hemen.

Haurreskolak Partzuergoaren aurkezpena, gaztelaniaz (PDF): hemen.