Eduki publikatzailea
Atzealdea Harrera beroa izan du abuztuko etenak eragindako bakardadea arintzeko eskaintzak
2025·08·29

Harrera beroa izan du abuztuko etenak eragindako bakardadea arintzeko eskaintzak: lau saio izan dira, eta batez beste, 35 herritar inguruk parte hartu dute saio bakoitzean. Frontoian elkartu, paseo txiki bat eman, eta kafe baten bueltan tertulian aritu dira, ostiral goizetan. Zaintza ekosistemaren barruko zerbitzuen lantaldeak egindako proposamen bati tiraka proposatu zituen paseook udalak, eta positiboki baloratu ditu, parte hartu duten herritarren kopurua ikusita.
Udan, batik bat abuztuan, hainbat zerbitzu itxi edo eten egiten dira, ordutegiak aldatu, denden ordutegiak murriztu, herria hustu... Errealitate horrek herrian zaintza zerbitzuetan parte hartzen duten herrikideen artean zein sentsazio sortzen zien galdetu zuen, hori arintzeko aukerak baloratzeko, eta horren emaitza izan da abuztuko eskaintza.
Parte hartzaile kopurua halako ekimenen premiaren adierazgarri da: gehienak zaintza zerbitzuren batean parte hartzen badute ere, ekimena herritar orori irekia izan da, eta hala animatu dira beste zenbait herritar ere. Kaxkora joateko zailtasunak dituzten herritarrentzako garraio zerbitzua ere antolatu du udalak, parte hartzeko aukera errazteko helburuarekin. Paseoak, gainera, nork bere erritmora eman dituzte: ibilbide luzexeagoa egin dute batzuek, motzagoa besteek, bakoitzaren erritmoa eta gorputzaldia aintzat hartuz.
Paseoak zaintza zerbitzuetako profesionalen laguntzarekin eman dituzte, eta bertan parte hartu dute, baita ere, udalaren eskariz bakardade ez hautatuaren inguruan lanketa egiten ari diren kideek. Tertuliak dinamizatzeaz ere arduratu dira, hizketarako gaiak proposatuz, tarte atsegina izateko.
Aurten, gainera, lehenengo aldiz, abuztuan ere eskaini da Eguneko Arreta zerbitzua, ohi bezala, Artzabalen.
