Eduki publikatzailea

Atzealdea HarEman programa, etorri berriei harrera errazteko boluntario bila

Udalak, Zabalduz kooperatibaren laguntzarekin, HarEman gizarte mentoretzarako programa abiatu du: Usurbil eta herritarrak hobeto ezagutu nahi lituzketen 10 pertsona eta horien bidelagun izango diren beste 10 pertsona bilatu nahi dituzte.

2023·12·20


HarEman gizarte mentoretzarako programa herrira etorri berriei harrera errazteko boluntario bila dabil. Guztira, 20 boluntarioren bila dabiltza: Usurbil eta herritarrak hobeto ezagutu nahi lituzketen 10 pertsona eta horien bidelagun izango diren beste 10 pertsona bilatu nahi dituzte. Udalak Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatiba kontratatu du zeregin horretan laguntzeko: HarEman, programaren izena, hartu eta eman hitzak elkartuta osatu dute, horixe bultzatu nahi baitute, etorri berrien eta bertakoen arteko hartu emana.

 

Aurtengo Mundualdiaren bueltan iragarri bezala, Usurbil harrera herri izateko bidean sakondu nahi dute udalak eta Aniztasun Kontseiluak. Etorri berriei harrera egoki bat egiteko hainbat dira landu beharreko alderdiak: herria eta herritarrak ezagutzen laguntzea da alderdi horietako bat, eta horixe du helburu HarEman programak. Mentore eta mentoratu banarekin osatu nahi dituzte bikoteak: mentoreak Usurbilen hainbat urtez bizi eta etorri berriei harrera erraztu nahi liekeen pertsonak izango dira; mentoratuak, berriz, herrira iritsi berriak direnak izango dira, edo bertan zenbait urtez bizi arren harreman sare esanguratsurik eraikitzea lortu ez eta gogo hori dutenak.

Animatzen direnen ezaugarrien arabera osatuko dituzte bikoteak: astean behin bien artean adostutako ekintzaren bat egitea da asmoa, eta harreman hori eraiki bitartean, Zabalduz-en laguntza profesionala izango dute, sei hilabetez.

Programaren berri eman eta boluntarioak bilatzeko, herriko eragileekin biltzen ari dira Zabalduz-eko kideak, udalaren laguntzarekin. Eskuorri bat ere banatu dute, etxez etxe, udalaren abenduko Udalberri aldizkariarekin batera. Parte hartu nahi dutenek, galdetegi bat bete beharko dute izena emateko, eta nahi duenak, informazio gehiago eskura dezake 747 490 194 telefonora deituta edo hareman@zabalduz.eus helbidera idatzita. Udalaren webgunean ere egin diote lekua, usurbil.eus/hareman orrialdean.