Eduki publikatzailea

Atzealdea Haraneko musika lokaletan izena emateko epea, irailaren 15etik 30era

Musika lokalen funtzionamendua eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak arautzeko ordenantza onartu zenetik, lehenengo aldiz jarriko da musika taldeek izena emateko epea martxan. Guztira, 16 taldek izango dute lokal horiek erabiltzeko baimena, eta urtero egingo da izen-ematea.

2025·09·08


Haraneko musika lokalak erabili ahal izateko izena emateko epea irailaren 15etik 30era bitartean egongo da zabalik. Azaroko osoko bilkuran onartu zen, hasieraz, lokal horien erabilera arautzeko ordenantza, eta prozedura guztia gaindituta, lehenengo aldiz jarriko da izena emateko epea martxan. Interesa duten taldeek eskaera egin beharko dute udalean, horretarako propio sortu den eskaera orria beteta: udaleko webgunean jarriko da, eskaera orrien atalean.

Herriko musikariek entseguak egiteko bi lokal daude Haranen: bertako erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak eta funtzionamendua zehazteko beharrak bultzatuta adostu zuten ordenantza, erabiltzaileekin elkarlanean. Udalak, urtero, hamasei talderi emango die horiek erabiltzeko baimena, zortzi talde lokal bakoitzeko: horretarako, urtero, izen-ematea egingo da, irailaren bigarren hamabostaldian. Bestetik, erabiltzaileak baimentzeko irizpide batzuk finkatu dira, puntuazio sistema batekin: taldeak modu kolektiboan aztertuta esleituko dira puntuak. Puntuazioan taldekideen errolda, adina, lokalarekiko duten antzinatasuna eta generoa hartuko dira kontuan. Lokalak erabiltzeko eskaera 16 taldek baino gehiagok egiten badute, itxaron zerrenda bat osatuko da baimena lortzen ez duten taldeekin.

Entseguak egiteko ordutegia 08:00etatik 00:00etara izango da: musikariek ordutegi horretatik kanpo sartu edo ateratzeko malgutasuna izango dute, baina soilik zama lanak edo antzekoak egiteko. Horrez gain, Haraneko futbol zelaiko jarduna ahalik eta gutxien oztopatzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Lokalen erabilerarako jarraipen batzorde bat ere sortuko da, talde bakoitzeko ordezkariekin osatuta. Hiru hilabetean behin bilduko dira, lokalen erabilera aztertu eta, hala egokituz gero, neurri zuzentzaileak hartzeko.

Udalak talde bakoitzari instalazioen bi giltza sorta utziko dizkio. Talde bakoitzak 60 euroko bermea jarri beharko du, gerora giltzak itzuliko dituztela bermatzeko. Arau-hausteen mailaketa bat ere egin da: arinak, larriak zein oso larriak izan daitezke. Hautsitako arauen arabera ezarriko da bat edo beste. Isun ekonomikoak zein lokalak erabiltzeko debekua ezarri ahal izango dira.

Musika lokalen ordenantza: hemen.