Eduki publikatzailea
Atzealdea Haraneko musika lokalen erabilera arautzeko ordenantza onartu dute, hasieraz
2024·12·02
Haraneko musika lokalen erabilera arautzeko udal-ordenantza onartu dute, hasieraz eta aho batez, azaroko osoko bilkuran. Herriko musikariek entseguak egiteko bi lokal daude Haranen: bertako erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak eta funtzionamendua zehazteko beharrak bultzatuta adostu dute, orain, ordenantza. Erabakia GAOn argitaratzen denean, jendaurrean jarriko da, indarrean sartu aurretik: alegaziorik ez bada, behin betiko onartuta geldituko da.
Herriko musika taldeek entseatu ahal izateko bi lokal daude Harane futbol zelaiaren instalazioetan, duela zenbait urtetatik. Ordenantzaren bidez, horien erabiltzeko zenbait irizpide finkatu dira. Batetik, udalak, urtero, hamasei talderi emango die horiek erabiltzeko baimena, zortzi talde lokal bakoitzeko: horretarako, urtero, izen-ematea egingo da, irailaren bigarren hamabostaldian. Bestetik, erabiltzaileak baimentzeko irizpide batzuk finkatu dira, puntuazio sistema batekin: taldeak modu kolektiboan aztertuta esleituko dira puntuak. Puntuazioan taldekideen errolda, adina, lokalarekiko duten antzinatasuna eta generoa hartuko dira kontuan. Lokalak erabiltzeko eskaera 16 taldek baino gehiagok egiten badute, itxaron zerrenda bat osatuko da baimena lortzen ez duten taldeekin.
Entseguak egiteko ordutegia 08:00etatik 00:00etara izango da: musikariek ordutegi horretatik kanpo sartu edo ateratzeko malgutasuna izango dute, baina soilik zama lanak edo antzekoak egiteko. Horrez gain, Haraneko futbol zelaiko jarduna ahalik eta gutxien oztopatzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Lokalen erabilerarako jarraipen batzorde bat ere sortuko da, talde bakoitzeko ordezkariekin osatuta. Hiru hilabetean behin bilduko dira, lokalen erabilera aztertu eta, hala egokituz gero, neurri zuzentzaileak hartzeko.
Udalak talde bakoitzari instalazioen bi giltza sorta utziko dizkio. Talde bakoitzak 60 euroko bermea jarri beharko du, gerora giltzak itzuliko dituztela bermatzeko. Arau-hausteen mailaketa bat ere egin da: arinak, larriak zein oso larriak izan daitezke. Hautsitako arauen arabera ezarriko da bat edo beste. Isun ekonomikoak zein lokalak erabiltzeko debekua ezarri ahal izango dira.