Eduki publikatzailea

Atzealdea Hainbat zulo estali dira Txokoaldera bidean, behin-behinean

Kamioien joan-etorriak tarteko, azken asteotan nabarmen kaskartu da Txokoaldeko bidea; udalak behin-behinean konpondu ditu larrienak, eta Altzonazko zubia irekitzean behin betiko konponketak egingo dira. Lanak amaitu gabe izango bada ere, Txokoaldeko zubia abenduaren 19an irekitzea aurreikusten du ETSk.

2025·12·09


Hainbat zulo estali dira, Txokoaldera bidean, erriberan, behin-behinean. Ekainaren 2az geroztik itxita dago Altzonazko zubia, berritzeko lanak direla eta: hori dela eta, Txokoaldera sartu eta irteteko ibilbide zirkularra ahalbidetu zuen udalak. Azken asteotan, kamioien joan-etorriak tarteko, nabarmen kaskartu da bidea, zuloak sortu baitira: udalak zenbatutakoen arabera, 19 puntutan egin behar dira konponketak. Horietatik lau konpondu zituen udalak ostiralean, behin-behinean, beharra larria zela iritzita.

Altzonazko zubia irekitzean abiatu asmo ditu udalak behin betiko konponketak. ETS Euskal Trenbide Sareak udalari jakinarazi dionez, zubia abenduaren 19an irekitzea aurreikusten du, lanak amaitu gabe izango bada ere: seinaleztapenak jarri eta margotzea faltako da, besteak beste. Zirkulaziorako irekita izango bada ere, beraz, kontuz igarotzea aholkatzen da.