Eduki publikatzailea

Atzealdea Hainbat asfaltatze lan egingo dituzte, Santixabelen ostean

Usurbilgo kaxkoan eta Intxorretan egingo dira asfaltatzeak, eta trafikoan aldaketak eragingo dituzte, uztailaren 4tik aurrera.

2023·06·26


Santixabel jaien osteko astean, hainbat asfaltatze lan egingo ditu udalak Usurbilgo kaxkoan eta Aginagako Intxorretako autobus geltokian, eta horietakoren batek aldaketak ere eragingo ditu trafikoan. Uztailaren 4ean, asteartean, hasiko dira lanean.

Usurbilgo kaxkoari dagokionez, Kale Nagusian, San Inazio kalean eta Puntapaxen egingo dira asfaltatze lanak, hurrenkera horretan:

Kale Nagusia. Kale Nagusiko 10 zenbakitik 35era, gutxi gorabehera, egingo dituzte lanak, uztailaren 4an bertan. Tarte horretan, ibilgailuek ezingo dute pasatu, eta, beraz, 08:00etarako hustu egin beharko da. Donostia-Zumaia ibilbidea egiten duten autobusak, berriz, San Inazioko biribilgunean geldituko dira, lanek iraun bitartean.

San Inazio kalea. Kale Nagusiko lanak amaitutakoan -litekeena da uztailaren 4an bertan izatea -, San Inazio kalean egingo dituzte asfaltatze lanak, hilerri zaharraren pareko zatian. Autoek bertatik pasatzeko aukera izango dute: langileen bidez bideratuko dute trafikoa.

Puntapax kalea. San Inazioko lanak amaitutakoan, Puntapaxen txanda izango da. Erdiguneko biribilgunean hasi, eta Puntapax 6B-ra arteko tartean egingo dute lan. Kasu horretan, mozketa txiki batzuk egon daitezke, eta litekeena da ibilbide alternatiboak hartu behar izatea.

Intxorreta. Usurbilgo kaxkoko lanak amaitutakoan, Aginagako Intxorretako autobus geltokian egingo dituzte asfaltatze lanak; kasu horretan, ez dio trafikoari eragingo.

Geltoki aldaketak, festengatik

Santixabelak ospatu bitartean, Usurbil-Hernani autobusek San Inazioko biribilgunean izango dute behin-behineko geltokia, ostegunean, ekainaren 29an, eguerdiko 15:00etatik aurrera, astelehen gauera arte (uztailak 3). Asteartean, uztailaren 4an, ohiko geltokira igoko da. Aldi berean, ordea, uztailaren 4an, asfaltatze lanak direla eta, herri barruko ibilbidea aldatu beharko du autobus zerbitzu horrek, eta ohiko geralekuaren parean egin beharko ditu geldialdiak.