Eduki publikatzailea

Atzealdea Gureak-Elkar

2021eko otsaileko Udalberrin argitaratutako zutabea, Elkar Usurbila ez etortzearen ingurukoa.

2021·02·05


Kolpe gogorra izan da Usurbilgo Udalarentzat eta Usurbilgo herriarentzat Elkar gurera ez datorrela jakitea. Erabaki horren atzean arrazoi bat eta bakarra dago, inor beste zerbait iradoki nahian badabil ere: Covid19-aren eztanda. Lurrikara basatia izan da: pertsonen osasunean ez ezik, gizartearen eremu guztietan nabaritzen ari gara eztanda horren erreplikak. Eta, tamalez, ez dirudi epe motzean apalduko direnik. Kontrara. Areagotu egingo dira. Eta eztanda ho-rrek bete-betean jo du euskal kulturaren sektorea, Elkar bera, eta, ondorioz, gure herriko proiektu sozioekonomiko garrantzitsuenetako bat, Zapategi eremuan garatzen ari ginena, hain zuzen ere.

Asmo handiko proiektua zen. Bi alderdi nabarmenduko nituzke. Batetik, proiektuaren izaera soziala, inklusibitatea eta euskara eta euskal kultura ardatz eta helburu duten entitateak izaki, nekez aurki genezakeen bazkide/enpresa/jarduera ekonomiko egokiagorik gure herrirako. Bestetik, hirigintzaren alderdia: ingurune degradatu bat oso modu duinean eraberritzeko proiektua landu zen, hirigintza moderno eta jasangarriaren irizpideak aplikatuz. Anbizio handiko proiektua, beraz, inbertsio ekonomiko handia eskatzen zuena. Egoerak hala behartuta baina, Elkarrek inbertsio txikiagoa eskatzen duen beste planteamendu bat egin behar izan du, enpresaren etorkizuna zalantzan ez jartzeko eta lanpostuei eutsi ahal izateko. Eta Adunan topatu du. Eta pozten naiz: Elkarri bide oparoa izatea baino ez diot opa, gure herrian ez bada ere.

Proiektu honen ernamuinean elkarlana dago. Elkarren erabakiak proiektua kinka larrian utzi du, bai, baina urteotan garatu den elkarlana giltzarria izaten ari da une kritiko hauetan ere. Elkarlan publiko-pribatuan dihardugu, ikuskera publikoa eta enpresen beharrak koordinatuz, Zapategiri soluziobide bat topatu eta Gureak Usurbilen gera dadin. Jakin badakigu Gureak-entzat lehen aukera Zapategi dela, eta horregatik ari gara proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko antolamendu berri bat lantzen, eraikigarritasuna eta karga urbanistikoak jaitsita. Halaber, jakin ere badakigu Gureak-ek beste aukera batzuk ere ez dituela baztertzen, Usurbildik kanpo.

Ez dira garai errazak. Covid19-ak dena zilipurdikatu du, eta ziurgabetasuna nagusi da, are, sektore ekonomikoan. Lokatzetan aritzeko eta izerdi hotzen garaiak dira. Baina Elkar(rekin) eta Gure(tik) emanez, gure herriarentzat onena lortzen saiatuko gara.