Eduki publikatzailea
Atzealdea Gure Elkartea tabernaren zerbitzua esleitzeko prozesua abiatu du udalak
2021·07·05
Santueneako Gure Elkartea tabernako zerbitzua esleitzeko prozesua abiatu du udalak. Iaz amaitu zen esleipena, baina Covid19-a tarteko, eta tabernaren funtzio soziala aintzat hartuta, kontratua zenbait hilabetez luzatzea erabaki zuten, behin-behinean. Kontratua ekainaren 30ean amaitu zen, ordea, eta esleipen prozesua abiatu du udala: uztailaren 23ra arte izango da eskaerak aurkezteko epea.
Legeak hala eskatuta, eskaintzak telematikoki egin behar dira. Usurbilgo Udalaren webgunean, Kontratatzailearen Profila ataletik sartuta egin daiteke. Interesa dutenek, beraz, beharrezkoa izango dute B@KQ txartela edo identifikazio digitalerako beste sistemaren bat edukitzea edo ateratzea. Edozein zalantza izanez gero, udaletxean galde dezakete edo 945 016 298 telefonora deitu.
Jubilatuek irekiko dute
Esleipen prozesua martxan den bitartean taberna itxita egongo da, eta barruko aldea hustu eta garbiketa sakon bat egiteko aprobetxatuko du udalak. Jubilatuen egunerokoan duen garrantzia tarteko, egunero zenbait orduz irekitzeko aukera eskaini die udalak. Hala, eurak arduratuko dira egunero zenbait orduz irekitzeaz, 17:00etatik 20:00etara. Udalak mahaiak, aulkiak eta behin-behineko kafe makina bat utziko dizkie.