Eduki publikatzailea

Atzealdea Guk Zubietan Zer: Zubietaren geroa irudikatuz, herritarren parte-hartzearekin

Urri-azaroa bitartean egingo dute Zubietako parte-hartze prozesua: saio teorikoak eta praktikoak uztartuko dituzte, EHUk gidatuta.

2020·10·09


Guk Zubietan Zer parte-hartze prozesua aurkeztu zuten atzo, Zubietan, Usurbilgo eta Donostiako udalek, Zubietako Herri Batzarrak eta EHUk. Usurbilgo Udala HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra ari da idazten, eta Zubietaren inguruko hainbat alderdi zubietarrekin landu nahi dituzte, haien ekarpenak HAPOan txertatuak izan daitezen. Urri-azaroa artean izango dira saiook, eta aurreikuspenen arabera, abenduan aurkeztuko dituzte prozesuaren emaitzak.

HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra etorkizuneko Usurbil marrazteko tresna da, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu zuenez: “Udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du”. Hain zuzen, horrexegatik bultzatu du Usurbilgo Udalak parte-hartze prozesua: “Interes orokorra oinarri, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea behar-beharrezkoa da eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko”. Aurrez Aginagan egin zuten halako prozesu bat, eta orain zubietarren txanda da, Guk Zubietan Zer prozesuaren bidez.

Hiru astetan hiru gai landuko dituzte, modu teorikoan zein praktikoan: ingurumena, sozioekonomia eta hirigintza. Hala, gai bakoitzari bina saio eskainiko dizkiete, aste berean: lehenengoan, egun horretako gaiari buruzko azalpenak emango dizkiete teknikariek, eta, bigarrengoan, parte-hartzeko tailerra izango da. Egun zehatzak ere jakinarazi dituzte: urriaren 20an eta 22an ingurumenaz eta mugikortasuna landuko dituzte, azaroaren 3an eta 5ean gizarte eta ekonomia gaiak eta, azkenik, azaroaren 17an eta 19an hirigintza eta etxebizitzak.

Parte-hartze prozesua Usurbilgo Udalak bultzatu arren, lau erakundeek eskutik jardun dute prestaketa lanetan. Usurbilgo Udalak, beste ezer baino lehen, Zubietako Herri Batzarrari aurkeztu zion bere asmoa, eta prozesuaren nondik norakoak elkarrekin landu zituzten. Halaber, Donostiako Udalari ere aurkeztu zieten egitasmoa: haiek HAPOa berridazteko fasean ez badaude ere, Usurbilgo Udalak abiatuko duen prozesuan interesa adierazi eta parte hartzeko konpromisoa hartu dute. “Hasieratik garbi ikusi genuen Zubietako Herri Batzarrarekin eta Donostiako Udalarekin lankidetzan aritu behar genuela: Zubieta bi administrazioren pean dagoen herria izanik ere, nortasun propioa duen herria da Zubieta guretzat. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet bai Donostiako Udalari bai Zubietako Herri Batzarrari prozesu honekiko interesa azaltzeaz gainera, aurre-lanketan azaldutako lankidetzagatik eta prozesuan izango duten parte-hartzeagatik ere”, nabarmendu zuen Solaberrietak.

Zubietako espazio publikoan jarri duten erakusketarekin hasi dute prozesua. Pasa den ikasturtean EHUko Arkitektura Eskolako ikasleek hainbat tokitan espazio publikoaren eta hiri ekipamenduen inguruan egindako lanak jarri dituzte ikusgai, tartean, Zubietan bertan egindakoa. EHUri ere eskerrak eman zizkion Solaberrietak prozesua diseinatu eta gidatzeagatik: “Guretzat garrantzitsua zen halako prozesuetan eskarmentua duen erakunde batekin aritzea, eta zein hobe, EHU baino”.

Haritz Arrizabalaga Zubietako alkateak eskerrak eman zizkion Usurbilgo Udalari zubietarren hitza kontuan hartzeagatik, eta eskaera horixe egin zion Donostiako udalari: zubietarren hitza kontuan izateko. EHUren gidaritzak prozesuaren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatuko duela nabarmendu zuen, eta parte hartzera animatu zituen zubietarrak.

Iñaki Gurrutxaga Donostiako udal-gobernuko kabinete buruak lehendik ere Usurbilgo eta Donostiako udalen arteko lankidetza nabarmendu zuen, baita aurrerantzean ere hala jarraitzea espero duela ere. Donostia ez da HAPO idazten ari (azkena, 2010ekoa dute, eta hamabi urteko indarraldia du): aurten hasi behar zuten berrikusten, baina Covid19-a dela eta, 2021era atzeratu dute. Dena den, Usurbilek bultzatutako prozesua interesgarria dela nabarmendu zuen.

Koldo Telleria EHUren Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak azaldu duenez, aspalditik dabiltza gizartearen eta bizi den espazioaren izaera lotzen saiatzen Arkitektura Eskolan, eta horretarako oinarrizkotzat dute herritarren parte-hartzea: “Hirigintza gaietan oso garrantzitsutzat jotzen dugu beharrak eta nahiak tokian bizi den jendeak identifikatzea, tokiko jendeak bere inguruaz duen jakintza eta ezagutza hirigintza planetan jasotzea, azterketa tekniko hutsetan gauza asko ezin baitira jaso. Herritarren esperientziatik xehetasun eta gertutasun handiagoko azterketak egin daitezke, baita erabakiak hartu ere: horregatik da garrantzitsua prozesu hau, herritarren beharrak egokitu identifikatzeko eta tokiaz duten ezagutza ondo jasotzeko. Usurbilgo Udalak ikerketa honetan oinarrituta bere Zubietarako planeamendua egokitzeko konpromisoak prozesuari indar handia ematen dio”.

Usurbilgo HAPO berriaren idazketa

Usurbilgo Udalak 2014ko maiatzean hasi zuen Usurbilgo Plangintza Orokorra berrikusteko prozesua. Ordutik parte-hartze prozesu ezberdinak egin eta hainbat dokumentu onartu dira, eta orain Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPOaren) hasierako dokumentua idazten ari da udala. Ondo bidean, hasierako onarpena 2021 urtean eman asmo zaio.

Hainbat parte hartze prozesu eta dokumentu landu dira ordutik. 2015 amaieran, Usurbilgo Udalbatzak HAPOa idazteko oinarrizko plangintzaren irizpideak eta helburua eta Aurrerakin dokumentua onartu zituen. Hala, irizpide eta helburu orokor bezala honako lau hauek finkatu ziren: (1) herritarren parte-hartzearen beharra, (2) hirigintza jasangarriaren eta ekologikoaren irizpideak barneratzea, (3) genero ikuspegia aintzat hartzea, eta (4) hirigintzak euskararengan duen eragina neurtzea.