Eduki publikatzailea

Atzealdea Gobernantza eredu partekatuan sakontzeko urratsak egiten ari dira udala eta herriko eragileak

Udaleko ordezkari politiko eta teknikariekin zein eragileekin izandako elkarrizketak oinarri hartuta diseinatu da gobernantza eredu berria: martxoaren 23an aurkeztu zuten. Lanean jarraitzeko bigarren saio bat egingo da, apirilaren 27an.

2026·04·09


Udala eta herriko eragileak gobernantza eredu konpartituago batean sakontzeko urratsak egiten ari dira. Aurreko legealdiaren amaieran hasi zen udala misioetan oinarritutako gobernantza ereduaren norabidean lanean: eredu berria martxan jartzeko kontratazio prozesua egin, eta Maraka kooperatibari esleitu zitzaion proiektua. Azken hilabeteotan proposamen integral bat lantzen aritu dira, eta herriko eragileei aurkeztu zieten, martxoaren 23an, Potxoenean. Bigarren saio bat egingo dute, lehenengo saiotik ateratako ideiak lantzen jarraitzeko: apirilaren 27an izango da, 18:00etan, Potxoenean.

Herri erronkak identifikatu, bakoitzari aurre egiteko misioak finkatu, eta helburu horiek lortzeko eragileen arteko elkarlana bultzatzea da, oinarrian, misioen araberako gobernantza eredua. Lau dira udalak identifikatutako erronkak: Zaintza, 650 Usurbil Bizi, trantsizio ekosoziala, eta Udala, gertu. Bakoitzak bere misioa du, baita misio hori erdiesteko zenbait helburu zehatz ere.

 

Bi eremutan egin da gobernantza eredu berria eraikitzeko lanketa: udal barruan eta kanpoan. Hala, batetik, Marakako kideek hainbat elkarrizketa egin dituzte udaleko ordezkari politiko zein teknikariekin, eta, bestetik, herriko hainbat eragilerekin. Oro har, gobernantza eredu konpartituago baten aldeko iritziak jaso dira, eta eredu hori marrazten hasi dira, elkarrizketetatik ateratako ekarpenak oinarri hartuta.

Azken hilabeteetan proposamen integral bat osatzen aritu dira, eta udaleko ordezkariei zein eragileei aurkeztu zieten, martxoaren 23an. Marakako kideek azaldu dutenez, hasierako proposamen bat da oraingoz, eta garatu egin beharko da: proposatutakoa probatu eta aurrera egin ahala aldaketak egin, beharrezkoak badira. “Hanka sartzeko aukera ematea eskatzen dugu: gizartean, oro har, oso gaizki ikusia dago hanka sartzea, baina formula berriak behar ditugu, eta horretarako probak egin behar dira”.

Proposamen berriaren gakoetako bat rolak izango dira. Hau da, partaide guztiek ez dute izango ardura maila bera, bakoitzaren ahalmena eta eragin eremua ere desberdina delako: bakoitzak bere eremuan egin dezakeenak du garrantzia. Esaterako, udala da baliabide eta, ondorioz, ahalmen gehien duena. Eragileen artean ere, desberdina da eremu zehatz bati lotutako jarduna izan (ingurumenari, kulturari edo gizarte arloari lotuta, esaterako), edo eremu orokorragoei lotutakoa izan. Hala, ardura handiagoa izango dute konektore rola dutenek, eta apalagoa, baina ezinbestekoa, aktibatzaileek.

Formakuntza saioak

Marakako kideek eredu berrian sakontzeko zenbait formakuntza saio egitea proposatu dute: oraingoz, bi saioren berri eman dute. Ordubetekoak izango dira, eta Internet bidez eskainiko dira. Batetik, Raul Olivan Hexagonal proiektuaren bultzatzailearen hitzaldia izango da: Zer dira gizarte berrikuntzako laborategiak eta zein da beraien balioa? izenburupean eskainiko du saioa, apirilaren 13an, 17:00etan. Bestetik, Tatiana Fernandez ekonomialari eta Shared Agendas proiektuaren sortzailearen hitzaldia: Nola sortzen ditugu agenda partekatuak eredu jasangarrietara bideratutako lurralde eraldaketak sustatzeko? izenburupean eskainiko du saioa, ekainaren 8an, 17:00etan. Bi saioak gaztelaniaz izango dira.