Albisteak
Atzealdea

Gipuzkoak zaintzen tokiko ekosistemak sustatzen ditu, adinekoei arreta "pertsonalizatuagoa" emateko

Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da Donostia, Pasaia eta Usurbilgo udalekin, Adinberrirekin eta tokiko eragileekin, adineko pertsonak eta mendekotasuna dutenak "komunitatean" zaintzeko helburuarekin.

2021·05·20


Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu du, Etorkizuna Eraikizen esparruan, lurralde osorako estrategia bat, zaintzen tokiko ekosistemen garapenaren bidez, adineko pertsonak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko, eta horretarako “asmo handiko eta lankidetzazko” sareak eta proiektuak bultzatu nahi dira maila lokalean. "Proiektu esperimentalak bultzatzen eta sustatzen ditugu tokiko mailan, lurralde mailan zabaltzeko modukoak izango direnak, pertsona zaurgarrienak zaintzen eta artatzen dituen lurraldea eraikitzen jarraitzeko, hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik abiatuta". Horretarako, Aldundiak aurten laguntzen deialdi berri bat egingo du berrikuntza sozialeko, esperimentazioko eta garapen sozialeko proiektuak sustatzeko, "zaintzaren esparruan lurralde gisa egiten ari garen lan guztia osatu eta egituratuko duena”.


Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur goizean egin ditu adierazpen horiek Maite Peña, Gizarte Politikako foru diputatuarekin eta Rakel San Sebastian, Adinberriko zuzendariarekin batera egindako agerraldian, zaintzen tokiko ekosistemak sortzeko proiektuak abian dituzten udalerri batzuetako alkateekin izandako bileraren ondoren: Eneko Goia Donostiako alkatea, Izaskun Gómez Pasaiako alkatea, eta Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea.


Foru eta udal ordezkariek Gipuzkoa arreta eta zaintza eredu komunitarioago baterantz doala defendatu dute, pertsona bakoitzaren behar eta eskaeretan oinarrituta dagoena. "Egiteko modu propio batean oinarritzen da Gipuzkoako gizarte eredua, hirugarren sektorearen lankidetzarekin eta esperientziarekin, eta zerbitzu eta politika sozialen sistema finkatu baten barruan, zeinak, gainera, eraldatzeko eta egokitzeko gaitasun handia duen", azpimarratu du Olanok.


Horrela, diputatu nagusiak esan duenez, berrikuntza sozialetik abiatuta, arreta-eredu pertsonalizatuagoak, malguagoak eta komunitarioagoak sortzen lagunduko duten tokiko esperientzien garapena bultzatzen ari da, etxeko arreta sustatzeko eta gizarte eta osasun sistemen arteko sinergiak hobetzeko. "Mendetasunaren prebentzioan eta autonomia pertsonalean sakontzen jarraituko dugu, iraupen luzeko zaintzak sustatuz eta zaintzaileei laguntza eskainiz. Aurreikuspenen arabera, 2035. urtean Gipuzkoako biztanleen erdiak 55 urte baino gehiago izango ditu; beraz, orain bultzatzen ditugun ekosistemek gero eta pertsona gehiagori lagunduko diete lurraldean".


Olanok adierazi du estrategia horrek "komunitatearen inplikazioa eta ikuspegia" behar dituela, tokiko egiturak indartzeko eta sareak sortzeko udaletako, foru aldundietako eta autonomia erkidegoetako gizarte zerbitzuen sistemen artean eta, halaber, tokiko eragileak, entitate sozialak eta proiektu berritzaileak sustatzeko, "guztion artean zaintza inklusiboko eta komunitarioko ekosistema iraunkorrak sortu ahal izateko".


Markel Olanok gogorarazi du Gizarte Politikako Departamentuak dagoeneko hasi duela "estrategia bateratu" bat sortzeko prozesua, Gipuzkoa 20>30 Agenda, helburu duena Gipuzkoa "zainketen abangoardian" kokatzea, eta politika sozial "partekatuak" dituen lurraldea marraztea. Estrategia hori baliozkotze fasean dago orain eta, horretarako, hainbat kontraste-talde sortu dira eztabaidatzeko eta ekarpenak jasotzeko, "eta, horrela, ekintza plan zehatz bat sortzeko, lurralde osoak jarraitu beharreko ibilbide-orria markatuko duena”.

Tokiko ekosistemak Donostian, Pasaian eta Usurbilen
Donostia
Gipuzkoako hiriburuan komunitate-dinamikak garatzen ari dira, elkarlaneko prozesu baten bidez, zaintzaren inguruko dinamikak sortu eta indartuko dituen funtsezko elementuak identifikatzen laguntzeko. Guzti hori erantzukizun kolektibo gisa ulertuta, kudeaketa banatua eta transbertsala eskatzen duena. Horregatik, etengabeko laguntza eta zaintza behar duten erabiltzaileak, tokiko gizarte-politikak, hurbileko zerbitzuak eta auzo bakoitzeko komunitateak bateratzea beharrezkotzat jotzen da.


Donostiako alkateak, Eneko Goiak, azpimarratu du “zaintza erantzukizun publikoa, kolektiboa eta indibiduala” dela, “komunitate osoaren ardura da eta, hala, komunitate osoa inplikatu” behar dela zaintza lanetan. “Erakundeok lehen lerroan izan behar dugu ardura horri erantzuten, baina ez da erakundeon zeregina bakarrik. Gure lana ere bada gizartean kontzientzia hori zabaltzen laguntzea”, adierazi du.


Bere ustez, “zaindu beharreko pertsonekin batera definitu behar dira zaintzak”, horregatik, erabiltzaileen parte-hartzearekin, hurbileko zerbitzuen, esperientzien eta iraupen luzeko zainketetarako komunitate-euskarriarekin lotutako proiektuen mapa bat sortuko da Donostian, eta bertan, aldi berean, komunitate-euskarria hobetzeko jarduerak jasoko dira.

Pasaia
Pasaia HerriLab proiektuaren bidez, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan kokatzen dena, zaintza ekosistema lokal bat sortzen ari da Pasaiako udalerrian. Ekosistema hori elkarlaneko gobernantza-eredu batean oinarritzen da, eta hainbat proiektu artikulatzen dira Pertsonarengan Oinarritutako Arretan ereduan oinarrituta. Horrela, estrategia partekatu bat garatzen ari da udalerrian hauskortasuna eta mendekotasuna artatzeko, eta, arreta-eredu horren bidez, gizarte- eta osasun-sistemak integratuko dira, komunitate mailan integrazio handia duten hainbat proiektu berritzaileekin batera.


Helburu nagusia, Izaskun Gómez Pasaiako alkatearen hitzetan, arreta-eredu bat garatzea da zainketen tokiko ekosistema baten euskarri gisa. Horretarako, inplikatutako eragileen artean daude, Aldundiaz gain, Pasaiako Udala, Adinberri, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, eta presentzia lokala duten entitateak, hala nola Agase, Hurkoa, eta Adinkide, eta baita ere Etxean Bizi eta Ok en Casa proiektu berritzaileak.


Pasaia HerriLab-ek erreferentziazko eredu izan nahi du lurralde mailan, eta tokiko sinergiak indartzeari esker, hauskortasun eta mendetasun egoeran dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzeko laguntza eredu bat garatu nahi du.


Usurbil
Usurbilen, Agurtzane Solaberrieta alkateak azaldu duenez, zaintza-eredu bat kolektiboki eraikitzeko urratsak abiatu dira, gizarte zaintzaren kultura partekatu bat lantzea eragingo duena, berrikuntzan eta parte-hartzean oinarrituta. Izan ere, zaintza eredu hori erakundeen, zaintza sektorearen eta komunitateko eragileekin elkarlanean eraikiko da. Hainbat eta hainbat eragile eta norbanakoren elkarlanari esker, lortu nahi dena da Usurbilgo herrian zaintza eredu berritzaile baterako giltzarriak ezartzea.


Zaintza-ekosistema berri horren oinarrian dago adineko pertsonei zuzendutako proiektu berritzaile bat, Matiaren eskutik, pertsonak etxean bezala senti araziko dituena, ikuspegi komunitariotik, pertsona ardatz hartzen duen arreta eredua garatuz. Eredu esperimental horretan, osasun, gizarte eta komunitate zerbitzu mota desberdinak konektatuko dira, zainketen jarraitutasuna bermatuz.


Zaintza ekosistema berriaren eraikuntza erantzunkidetasunetik, parte-hartzetik eta zeharkakotasunetik egingo da, gizarte sektore eta ezagutza alor ezberdinak uztartuz, zainduak diren pertsonen eta zaintza burutzen dutenentzat erantzun integral eta koordinatuak eman eta testuinguru seguru eta duinak sortu ahal izateko.

Laguntza deialdi berria
Horiek, ordea, ez dira Gipuzkoan hasitako esperientzia bakarrak, proiektu gehiago ere badaude abian, adibidez Legazpin, Lezon, Azpeitian, Elgoibarren eta Urretxun. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundia diru-laguntzak emateko beste deialdi bat prestatzen ari da, berrikuntza sozialeko, esperimentazioko eta garapen sozialeko jarduerei laguntzeko helburuarekin, egiaztatutako eragina dutenak eta pertsonengan oinarritutako arreta-ereduan integratutako proiektu berrien garapenean, betiere iraupen luzeko zaintzen, babesgabetasun sozialaren, desgaitasunaren, inklusioaren eta sistema sozio sanitarioaren bikaintasunaren esparruan.


Horretarako, jarduera eremu berriak identifikatu, diseinatu eta garatzea ahalbidetuko duten proiektuak lehenetsiko dira, arreta emateko eta zaintzeko modu berriak sustatzera bideratuak, eragina izango dutenak erabiltzaileen bizi-kalitatearen eta laguntza sistemaren hobekuntzan, eta arreta sozial eta sozio-sanitarioko ereduaren bikaintasunean eta iraunkortasunean modu erabakigarrian lagunduko dutenak. Horregatik, 550.000 euro bideratuko dira berrikuntza sozialeko eta esperimentazioko proiektuak sustatzera, iraupen luzeko arreta eta zaintzarako tokiko ekosistemak osatzeko.