Eduki publikatzailea

Atzealdea Gimnasiorako makina berriak eta bizikletak garbitzeko gune berria, kiroldegiko berrikuntzen artean

Urtez urte kirol instalazioak hobetzeko gordetzen diren partiden bidez, zenbait berrikuntza martxan dira kiroldegian. Inoiz izandako bazkide kopururik handienarekin amaitu zuen urtea: 2.663.

2025·02·06


Gimnasiorako makina berriak eta bizikletak garbitzeko gune berria erabilgarri daude Oiardo kiroldegian. Kirol sailak urtez urte gordetzen du kirol instalazioak berritzeko partida bat, eta horien berri eman dute, orain. Guztira, 40.695 euroko inbertsioa egin da.

Gimnasioko materialari dagokionez, spinning egiteko bost bizikleta berri jarri dira, eta korrika egiteko zinta eta eliptika bana iristear daude. Polea makinarako osagai berriak ere erosi dira.

Paperaren erabilera murrizteko helburuarekin, kontsumo baxuko esku lehorgailuak jarri dira. Era berean, gimnasioko makinak erabili ostean garbitzeko zapi berrerabilgarriak jarri dituzte: egunero garbitu eta aldatzen dituzte.

Bizikletak modu erosoan garbitzeko gune berri bat ere jarri da kiroldegiaren atzeko aldean.

Kiroldegian zein gimnasioan sartzeko QR irakurgailuak jarri dituzte, Nik patrika digitala app-aren bitartez funtzionatzen dutenak. Administrazio publikoek kudeatzen dituzten zerbitzu desberdinak biltzen dira bertan, eta bazkideen kasuan, B@kQ txartela sartuta, bertan agertzen da QR kodea. Noski, orain arte bezala, txartel arrunta ere erabili ahal izango da.

Haranen, talken aurkako babesak

Harane futbol zelaian ere izango da berrikuntzarik. Gipuzkoako Futbol Federazioak udal guztiei helarazitako gomendioari jarraituz, zelaiaren perimetro osoan, barandetan, talkak leuntzeko babesak jarriko dira, datozen asteetan. Partida zein entrenamenduetan ohikoa izaten da zelaiaren ertzeraino korrika iritsi eta baranden kontra jotzea, eta segurtasuna bermatzeko helburuz jarriko dituzte babes horiek.

Bazkideen errekorra

Kiroldegiak inoizko bazkide kopururik handienarekin itxi zuen 2024a: 2.663 bazkiderekin, hain zuzen. Horietatik 1.423 gizonezkoak dira, eta 1.240, emakumezkoak.