Eduki publikatzailea

Atzealdea Gimnasioan eta igerileku txikian hainbat hobekuntza egingo dituzte, epe motzean

Erabiltzaileek erantzundako galdetegian oinarrituta, material berria erosiko da gimnasiorako, eta filtro sistema berria jarriko da igerileku txikian.

2023·03·22


Datozen asteetan hainbat hobekuntza egingo dituzte Oiardo Kiroldegian, zehazki, gimnasioan eta igerileku txikian. Batetik, urtarril amaieran kiroldegiko erabiltzaileei bideratutako galdetegian oinarrituta, gimnasiorako material berria erosiko dute. Bestetik, ur kontsumo murriztea du helburu igerileku txikian jarriko duten filtro sistema berriak.

Gimnasioko galdetegiari dagokionez, erabiltzaileek 8.000 eurorekin zer erosiko luketen galdetu zitzaien. Guztira, 120 erabiltzailek bete zuten, eta horien erantzunak eta begiraleen gomendioak aintzat hartuta erosiko dute material berria. Guztira, 8.990 euro inbertituko dira, azkenean:

  • pisu librerako materiala (mankuernak, diskoak eta barrak)
  • pisu librean aritzeko koltxoneta berria
  • entrenamendu funtzionala egiteko materiala (power bag desberdinak)
  • korrika egiteko motorrik gabeko zinta

Pisu libreko gunea handitu egingo da, eta horrek espazioan zenbait egokitzapen egitea eragingo du, adibidez, makina batzuk lekuz mugitzea. Larrialdiko irteeraren ondoko gunea ere egokitu egingo dute, luzaketak eta beste motatako ariketak egiteko.

Igerileku txikian, berriz, 10.700 euroko inbertsioa egingo da, filtro sistema berri batean. Legez, egunero, ur kopuru jakin bat bota behar izaten dute igerilekuek, higiene arrazoiengatik, eta, ondorioz, ur kontsumo handia eragiten dute. Filtro sistema berriarekin, ultravioleta izpien bidez garbituko da ura, eta uraren kalitatea hobetzeaz gain, ur kontsumoa murrizten lagunduko du.