Eduki publikatzailea

Atzealdea GHK-k onartu berri duen tarifa-sistema, tasa justuago baten norabidean emandako urratsa

Udalak urte luzez aldarrikatutako neurria da, gaikako bilketaren egokitasuna saritzen baita: aurrerantzean, hondakinen tratamenduaren kostua merkeagoa izango da Usurbilentzat. Tarifa sistema berria adosteko ahalegina txalotu du udalak.

2026·06·10


GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren batzarrak tarifa-sistemaren egituraketa berria onartu zuen atzo, eta aurten bertan hasiko da aplikatzen. Erakundean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoen artean lortu da akordioa (PSE-EE, EAJ eta EH Bildu), hainbat hilabetetako lan teknikoa eta instituzionalaren ondoren. Tarifa sistema berriak hondakinen tratamenduaren tasa justuagoa ezarriko du, udalak hainbat urtetan aldarrikatu bezala: neurria bera eta hori lortzeko ahalegina txalotu ditu Usurbilgo Udalak.

Proposamen berriak aurrerapen nabarmena ekarriko du Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko sistemaren finantzaketa-ereduan, errefusaren eta biohondakinaren arteko tarifa bereizia ezarri baitu, gai bakoitzerako kostu espezifikoak ezarrita. Bi printzipio indartu nahi izan dira tarifa sistema berriarekin: mankomunitate guztien artean sistemari modu orekatuan eutsiko zaiola bermatzea, eta sorreraren araberako ordainketa-printzipioa indartzea.

Aurrerantzean, herri bakoitzaren tasak hiru elementu izango ditu: zati finkoa, mankomunitate bakoitzeko biztanleriari lotutakoa, sistemaren egiturazko kostuak finantzatzeko; eta tarifa espezifiko bana errefusarentzat eta biohondakinarentzat. 2026an, errefusaren tarifa 231 eurokoa izango da tonako, eta biohondakinarena, 99 eurokoa tonako. Bereizketa horrek sorreraren araberako ordainketaren printzipioa eraginkortasunez aplikatzea ekarriko du, zerbitzuaren kostua zuzenean lotzen baitu udal bakoitzaren ingurumen portaerarekin. Sistema berriak hondakin organikoak behar bezala bereiztea saritzen du, gaikako bilketa sustatuz eta lurraldeko ingurumen-helburuak betetzen laguntzearekin batera.

Orain arteko sistemak Usurbil zuzenean kaltetzen zuen, usurbildarrek hondakinak gaika biltzeko egiten zuten ahalegina ez zelako tarifa sisteman islatzen (biohondakinaren tratamenduagatik 178 €/tn ordaintzen zen). Errefusaren prezioari hobari bat aplikatzen zitzaion organikoaren prezioa kalkulatzeko: hobari hori gaikako bilketaren ehunekoaren arabera kalkulatzen zen, baina ez herri bakoitzaren emaitzen arabera, mankomunitate osoaren emaitzen arabera baizik. Usurbilen kasuan, Sanmarko mankomunitateko herri guztiena (Donostia, Errenteria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Lasarte-Oria, Urnieta, Hernani eta Usurbil) hartzen zen kontuan. Usurbilek %85 inguruko gaikako bilketa du, baina mankomunitateak 2024an, esaterako, %49a zuen. Oraindik ere hobetzeko tartea egon badagoen arren, sistema berria tasa justuago baten norabidean emandako pausoa da.

Aurrerantzean, hondakinen tratamenduaren kostua merkeagoa izango da Usurbilentzat. Iaz, 207.000 euro inguru ordaindu zizkion udalak GHKri hondakinen tratamenduagatik: tarifa sistema berriarekin, 49.400 euro gutxiago ordaindu beharko lituzke, hau da, %19,27 merkatuko litzateke kopuru hori. 2025ean, hondakinen kudeaketak 219.000 euroko defizita izan zuen: aldaketarekin, defizit hori murriztu egingo da.