Eduki publikatzailea
Atzealdea Geuretik Sortuak bekan izena emateko epea, zabalik
2024·11·06
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren hirugarren deialdia abian da, sortzaileek izena emateko epea zabalduta: azaroaren 25era arte izango dute horretarako epea, Udalbiltzaren webgunean. Lau diziplinatako lanak bultzatuko dituzte: literatura, komikia, antzerkia eta zinema. Lehenengo bi aldietan egin bezala, Usurbilgo Udalak hirugarrengo deialdian ere parte hartuko du.
Euskarazko sorkuntza eta sortzaileak bultzatzea duen beka honek bi urteko iraupena izaten du. Lehenengo urtean, hiru asteko egonaldiak egiten dituzte sortzaileek, esleitu zaien herrian, eta herrian izandako esperientzia horretatik sortzen dute. Bigarren urtean, zirkuitu nazionala jartzen dute martxan, alegia, lanak publikoki aurkezteko urtea izaten da. Geuretik Sortuak bekaren hirugarren aldia, hain justu, 2025 eta 2026 urteetan gauzatuko da.
Lehenengo deialdian, 2021ean, Itxaro Borda idazleak egin zuen egonaldia Usurbilen, eta bertako idazle Ugaitz Agirre eta Yolanda Arrieta Artziniegan eta Etxarri-Aranatzen izan ziren, hurrenez hurren. Bigarren deialdian, 2023an, Iñaki Martiarena ‘Mattin’ komikigilea etorri zen Usurbilera.