Eduki publikatzailea

Atzealdea Gertuago.eus: herriko merkataritza eta zerbitzuak bultzatzeko bonuen sistema, herritarrentzako %20ko deskontuarekin

Osasun krisiak ixtera behartu zituen herriko hainbat komertzio eta establezimendu, eta lehendik bizi zuten egoera larriagotu zuen. Osasun krisiak argi erakutsi du, batetik, erosketa seguruak egiteko giltza gertuko merkataritza dela, eta, bestetik, merkataritza eta zerbitzuak ixteak herria bizitzarik gabe uzten duela. Horrela jaio da Gertuago, Usurbilgo merkataritza eta zerbitzuak bultzatzeko plataforma: gertukoa eta segurua, Usurbil bizigarri bat bermatzeko tresna. Bihartik aurrera erosi ahal izango dira bonuak gertuago.eus webgunean.

2020·06·03


Konfinamendua medio euren negozioa itxi behar izan duten Usurbilgo merkatariei laguntzeko bonu sistema sortu du udalak, Usurbilgo merkatariak, gertu! lelopean. Usurbildarrek erosketak herrian egitea bultzatzea da helburua, herriko merkatariak lagunduz, herria biziarazteko: pizgarri gisa, udalak diruz lagunduko ditu bonu horiek, herritarrek izango duten %20ko deskontua finantzatuz. Orain arte eman gabeko jauzia egin dute, gainera: gertuago.eus webgunearen bidez eskura daitezke bonu horiek. Hurbilagorekin lankidetza estuan aritu da udala, elkarte horren kide direnei ez ezik, herriko merkataritza sektore osoari laguntzeko. Agerraldi publikoa egin dute gaur guztiaren berri emateko.

Proposamenak harrera ona izan du merkatarien artean, eta, oraingoz, 30 dira webgunean parte hartzera animatu direnak. Herritarrek webgunean erregistratu beharko dute, bonuak erosi ahal izateko. Hori eginda, hiru bonu mota eskuratu ahal izango dituzte, establezimendu bakoitzean egitea aurreikusten duten gastuaren arabera aukeratzeko: 20, 50 eta 100 eurokoak. Inork 20 euroko bonua erosten badu, 16 euro ordainduko ditu, gainerako 4 euroak udalak, eta diru-sarrera osorik iritsiko zaie merkatariei (40 euro ordainduta, udalak 10 euro jarriko ditu, eta 80 ordainduta, berriz, 20).

Herriko ostalaritza eta merkataritza biziberritzeko plana eguneratze betean iritsi zen Covid19ak eragindako osasun krisia, eta askok eta askok euren negozioak itxi behar izan zituzten: 110 establezimendutatik, 75 inguruk. Ixtera behartuta izan direnen arazorik nagusienak likidezia falta eta galera ekonomikoak dira, eta horri aurre egiteko sortu dituzte erosketa bonuak eta gertuago.eus webgunea. Hasierako asmoa zen, itxita egon arren, herritarrek erosketa bonuak eskuratzea, eta baldintzek ahalbidetzen zutenean, bonu horiek erabiltzea. Pixkanaka, konfinamendua arintzeko faseetan sartuta, dendak irekitzen ari dira, baina bi hilabeteko itxialdiak eragindako galerak bizi-bizirik daude.

Gertuago

Osasun krisiak argi erakutsi du izan dela osasunaren alde egitearen baliokidea izan dela erosketak gertu egitea. Tokiko merkatariak eta zerbitzuak beti egon izan dira herritarrengandik gertu, eta, bonuen sistema Gertuago gisa izendatuta, are gertuago daudela adierazi nahi izan dute. Logo horri jarraitzen dio Usurbilgo merkatariak, gertu! leloak. Gertu horrek bi adiera ditu, eta bi-biek indartzen dute, gainera, merkatarien jarrera: gertu daude distantzian, eta gertu daude, prest daude, herritarren eskura daude.

"Hilabete zail hauetan ikusi dugu, zabaldu ahal izan duten saltokiak medio, herriko merkataritza inoiz baino gertuago izan dugula. Herriko merkatariek egindako ahalegin eta esfortzu handiaren ondorioz, herrian modu seguruan egin ahal izan ditugu erosketak, herritarron osasuna bermatzeko hartu dituzten neurrien ondorioz. Zaindu egin gaituzte eta, beraz, orain, guri dagokigu haiek zaintzea. Inoiz baino gertuago behar gaituzte", nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

Ildo beretik hitz egin du Juanjo Allur Siadecoko kideak: “Erabiltzaileak, webgunean sartu orduko, denda, zerbitzu pertsonal eta negozioetako jabe eta profesionalen aurpegiak ikusiko ditu, aurpegia jarri zaie gure herriko saltoki txikiei, zerbitzu bat emateaz gain, negozio horien atzean pertsonak daudela ikusarazteko. Beraz, Usurbilgo merkatariak gertu daude, prest daude aurpegia emateko, prest daude egoera berrietara egokitzeko eta herritarrek ere erantzungo dutela ere, itxaropentsu”.

‘Gertuago.eus’

Gertuagoren webgunearen helbidea gertuago.eus da, eta bonuak erraz eskuratzeko diseinatua izan da. Webgunearen azalean bertan topatuko ditu erabiltzaileak parte hartzera animatu diren herriko merkatari eta establezimenduak: erosketa egin nahi duen lokalaren argazkian klikatu, eta hortxe aukeratuko du herritarrak zer kopurutako bonua erosi nahi duen, egin nahi duen gastuaren arabera.

Bonuak erosi ahal izateko ezinbestekoa da webgunean erregistratzea. Bi momentutan egin daiteke: “erregistratu” botoiari emanda, edo bonu bat aukeratu eta saskira gehitu ostean. Datuak sartu, eta erosketa egindakoan, ziurtagiria posta elektroniko bidez jasoko dute erabiltzaileek.

Epe luzerako tresna

Lehenengo fasean, itxita egon diren establezimenduei laguntzeko modua emango du webguneak, baina egoera bere onera itzultzen denean martxan jarraitzeko bokazioarekin sortu dute. Izan ere, udalak sortu arren, merkatarien esku geldituko da plataforma, eurek kudeatuko dute, eta nahi duen orok izango du bertan parte hartzeko aukera. Izatez, lehenengo bonuen merkaturatzea soilik itxita egon diren merkatari eta zerbitzuei begira egina izan da, baina ez da baztertzen bigarren merkaturatze bat egitea, eta, beraz, bigarren ekinaldi horretan merkatari eta zerbitzu gehiagok parte hartzea Gertuago.eus-en.