Eduki publikatzailea
Atzealdea Gertuago.eus -en fase berria martxan, Usurbilgo establezimenduak Internet bidezko salmentara bultzatzeko
2021·06·10
Usurbilgo Udalak, Siadecok eta herriko hirugarren sektoreko bi ordezkarik prentsaurrekoa eman dute gaur, Potxoenean, tokiko merkataritzari lotutako bi albisteren berri emateko: Usurbilgo merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea biziberritzeko plan berria eta Gertuago.eus webgunearen fase berria.
Tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea biziberritzeko plana
2019-2020 artean berritu dute Usurbilgo tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea biziberritzeko plana, Juanjo Allur Siadecoko kideak azaldu duenez; lehenengoa 2009an egin zuten. Haren esanetan, bi fase izan ditu plan berriaren gauzatzeak: 2019ko azarotik 2020ko otsailera diagnostikoa egin zuten, eta iazko martxotik irailera, berriz, plangintza. “2020an Covid-19ak erdiz erdi harrapatu gintuen, bi zentzutan, alde batetik, plana idazteko eta eragileekin eta herritarrekin egin beharreko elkarlana baldintzatu zuelako, bestetik, aurrez egina geneukan diagnostikoaren testuinguru sozial eta ekonomikoa zeharo aldatu zelako. Horrela, egoera berrira egokitu egin behar izan genituen, bai diagnostikoaren emaitza nagusiak, bai plangintzaren lehentasunak ere”.
Diagnostikoa herritarrekin egindako elkarrizketetan oinarritu zen: inkesta zabal bat, herritarren erosketa ohiturak eta tokiko merkataritzari eta ostalaritzari buruz dituzten jarrerak eta iritziak ezagutzeko: “Herritarren lagin oso handiarekin lan egin zen, 600 etxe baino gehiagotako datuak jasoaz eta, datu asko eta zehatzak utzi ditu diagnostiko horrek, adibidez tokiko merkataritzari garrantzia eman bakarrik ez, erosketak nagusiki herrian egiten dituztenen eta ez dituztenen arteko ezaugarri soziodemografikoak eta bestelako arrazoiak ere zein diren jakiteko”:
Planak, gutxienez, bost urteko epealdia izango du, Allurren esanetan, honakoak zehazten dituena: tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biziberritzeko bidean Usurbilek dituen erronka eta helburu nagusiak (zazpi, zehazki); erronka horiek lortzeko zertan eragin behar den (sei jarduera-ildo definituta); 23 jarduera proposamen eta 40 ekintza zehatz (zenbaterainoko lehentasuna duten, egutegia, aurrekontua, finantzaketa eta abar zehaztuz).
Planaren sei jarduera-ildo nagusi horiek zeintzuk diren azaldu du Allurrek. Batetik, sektore mailako lankidetza indartzearen garrantzia nabarmendu du: kanpora begira, sektoreko eragile ahalik eta gehien erakartzeko zein kanpo komunikazioa hobetzeko, eta barrura begira, elkarlanaren bidez taldea indartu eta ilusioa pizteko. Bestetik, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu beharko litzateke. Planean zehazten denez, hiru eragile mota ezinbesteko identifikatu dituzte: sektorea bera, udala eta herritarrak. Usurbilek merkataritza-eskaintza ahalik eta osatuena izatea (herrigunean zein auzoetan) litzateke beste lan-ildo bat. Negozio berriak irekitzeko erraztasunak emanez, herrian ez dauden zerbitzu edo establezimendu motak zabaltzeko ahalegina eginez, zerbitzu osagarriak eskainiz edo egungo denden jarraikortasuna bermatuz. Tokiko merkataritzak ikusgarritasun gehiago izatea da beste gako bat, herritarren aldekotasuna lortzeko mezuak zabaltzen eta ekintzak antolatzen jarraitzeko. Horrekin batera, sektorea eguneratzea beharrezko ikusten du Allurrek, sektoreko profesionalen prestakuntzan eraginez eta Interneti eta teknologia berrietara egokituz. Epe motzean (2021ean) datozen bi aldaketa garrantzitsu izango dira, zentzu horretan, gertuago.eus eta TicketBAI sistema. Herrigunearen eta auzoen erakargarritasun eta erosotasuna hobetzea ere komenigarria litzateke (aisiarako espazioak, oinezkoen eremuak, ibilgailuentzako aparkalekuak, irisgarritasuna eta paisaia komertziala bermatuz).
Gertuago.eus, denen aterki
Tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biziberritzeko planak finkatutako erronketako bat da Internetek eskaintzen dituen aukeretara pixkanaka egokitzen joatea, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen esanetan. Azaldu duenez, iaz eman zuten lehenengo urratsa, Gertuagoa.eus webgunea sortuta, udalak finantzatutako deskontudun erosketa bonuekin, Usurbilgo merkatariak, gertu komunikazio kanpainarekin lagunduta. “Helburu nagusia herritarrek herrian eros zezaten zen, tokiko kontsumoa lehenestea, erosketa ohitura berriak sortzea, eta, modu horretan, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea zaintzea, babestea, sustatzea eta prestigiatzea. Horretarako tresna izan da Gertuago.eus”.
Solaberrietaren esanetan, webguneak “arrakasta itzela” izan zuen, eta erreferentzialtasuna lortu zuen herritarren artean: “Tokian tokiko merkataritza eta zerbitzuak babesteko herri-kontzientzia areagotu dela uste dugu”. Hala, urrats berriak egiteko unea iritsi dela uste du udalak: “Gertuago.eus Usurbilgo establezimenduen marka eta erakusleiho bilakatzeko apustua egin dugu”.
Marka. Aurrerantzean, Gertuago Usurbilgo tokiko merkataritza eta ostalaritza identifikatuko duen marka izango da, bere osotasunean: “Usurbilen tokiko merkataritza eta hirugarren sektorearen bueltan egiten den guztia aterki horren pean egingo da: guztion marka izango da, eragilea edozein dela ere”.
Erakusleihoa. Eta marka izateaz gain, erakusleiho bateratua ere izango da: Usurbilen dagoen hirugarren sektoreko jarduera guztia bilduko duena. Erakusleiho hori ahalik eta osatuena izatearen garrantzia nabarmendu du Solaberrietak: “Batez ere, dinamikoa edo etengabe berritzen dena izatea”. Hori horrela, beharrezkoa ikusi dute hasieratik proiektuak dinamizatzaile propioa izatea: fase berria martxan jarri, elikatu, eguneratu eta Usurbilgo merkataritzak eta ostalaritzak sare sozialetan presente egotea ahalbidetuko duena. Horretarako, udalaren eta Hurbilagoren arteko hitzarmena berritu dute, udalaren ekarpena handituta: 8.000 euro izatetik, 20.100 eurora igo dute, Hurbilagok dinamizatzaile hori kontrata dezan.
Miren Cuerdo, dinamizatzaile
Miren Cuerdo kontratatu du Hurbilagok lan hori garatu dezan: Cuerdok lagunduko die herriko establezimenduetako arduradunei Interneterako jauzia egiten, pixkanaka. Hiru aukera eskaintzea erabaki dute, Cuerdok azaldu duenez, prozesua nork bere erritmoan egin dezan ahalbidetzeko: atari huts izatea, katalogoa erakustea eta salmenta egitea.
Hori egin ahal izateko ezinbestekoa da produktuen eta zerbitzuen informazioa jaso eta horiek islatzeko argazkiak ateratzea, Cuerdoren esanetan, eta horixe izango da bere lana. “Bakoitzaren establezimendura gerturatu nahi dut, modu pertsonalean eta presarik gabe establezimenduetako arduradunekin hitz egin eta gauzak finkatzeko. Estrategikoki egokiak diren produktu edo zerbitzuak aukeratzen lagunduko diet, baita bakoitzaren balio erantsia zein den definitzen ere. Horrela, komertzio edo ostalari bakoitzaren onenak goraipatzea lortuko dugu”.
Hasia da lanean Cuerdo, eta 15 establezimendu ingururekin egona da, eta, pixkanaka, guztiengana joango da. “Ez da beharrezkoa garbi izatea zer erakutsi nahi duten: horretarako nago ni, zalantzak argitu eta laguntza eskaintzeko. Bakoitzari behar duen denbora eskainiko diot. Oraindik harremanetan jarri ez banaiz lasai egon: pixkanaka egongo naiz guztiekin”. Cuerdok aurreratu duenez, establezimendu kopuru baten informazioa biltzean, martxan jarriko dute fase berria (aurreikuspenen arabera, uztailean), eta denborarekin kopuru hori handitzea da helburua: “Guztiek dute tokia gertuago.eus-en”.
Establezimenduetako arduradunak, oso gustura
Irati Artze Lizardiko arduradunak esan duenez, oso gustura daude Gertuagoren fase berriaren atarian. “Asko gustatu zitzaigun Gertuago plataforma hasieratik, eta orain aukera hau aprobetxatzea erabaki dugu”. Artzeren esanetan, konturatu da iazko itxialdiaz geroztik jendeak gero eta joera gehiago duela lehenengo herrian erostekoa, eta ez egotekotan jotzen duela kanpora.
Joana Lertxundik, Saizarko ordezkari gisa, digitalizazioaren eta Internet bidezko salmentaren garrantzia nabarmendu du. “Pixkanaka gure eskaintzak erakusten joango gara, berritzen eta hobetzen. Proiektu polita iruditu zaigu”. Lertxundiren esanetan, bonuek oso ondo funtzionatu zuten euren kasuan, eta ez dute zalantzarik izan fase berrian sartzeko. “Gure kasuan jada egon gara Mirenekin, eta oso gustura gaude”.
Solaberrietak herriko establezimenduetako arduradunei dei eginez amaitu du prentsaurrekoa: “Udalak eta Hurbilagok jarriko ditugu baliabideak, baina eurak dira protagonistak: guztion aterpe eta erakusleiho izango da, elkarlanak duen indarrarekin. Honek herriago egiten gaitu”.