Eduki publikatzailea
Atzealdea Gaurtik aurrera, martxan da garbigune mugikorra
2023·05·15

Usurbilgo Udalak garbigune mugikorra erosi du, etxeetako hondakinen berrerabilpena eta birziklatzeko helburuarekin: gaur jarri dute martxan, Zubietan. Hiri hondakinen gaikako bilketa zerbitzua hobetzeko bokazioa du garbigune mugikorrak, batik bat, Usurbilgo garbigunera joateko ezintasuna duten herritarrei begira, baina, horrez gain, bilduko diren gaien birziklapena erraztu areagotzeko aurreikuspenarekin.
Printzipioz, astero gune desberdin batean egongo da garbigune mugikorra: ostegunero mugituko du lekuz udal brigadak. Honakoa izango da kokapenen segida: Zubieta, Kalezar, Usurbilgo kaxkoa, Aginaga, Txokoalde eta Santuenea. Denborarekin, baloratuko da funtzionamendua horrela mantenduko den hala egokitzapenen bat egin behar den.
Usurbilen hondakinak atez ate biltzen dira 2009az geroztik, eta gaikako bilketa maila oso onak ditu, gaur egun. 2022an, esaterako, gaikako bilketa %87koa izan zen. Dena den, zerbitzua etengabe hobetzeko bokazioari eutsita, garbigune mugikorra eskaintzea beharrezkotzat jo du. Batetik, Usurbilgo garbigunera tamaina txikiko materialak eramateko autoa erabili edo bertaraino oinez joatea beharrezkoa da, eta herritar kopuru batek ez du horretarako aukerarik, eta, bestetik, San Markoko garbigune mugikorrak ordutegi oso mugatua du. Beraz, garbigune mugikorrak auzoetan bizi diren herritarrei hurbileko zerbitzua eskaintzea ahalbidetuko du.
Horrez gain, garbigune mugikorrak jasoko dituen gaien birziklapena areagotu litekeela aurreikusi du. Izan ere, gaur egun errefusaren kuboan gaika bil daitezkeen hainbat hondakin ateratzea saihestuko du, ahalik eta material gehien birziklatuz eta ahalik eta baliabide gutxien errefusatuz. Hamaika hondakin mota jasoko ditu:
- Margoak, bernizak, disolbatzaileak, kolak, fitosanitarioak (intsektizidak eta herbizidak), aerosolak eta horien ontziak (beteak, erdi-beteak zein hutsak).
- Bolumen txikiko plastiko gogorreko materialak (ontzi arinak ez direnak).
- Pilak.
- Tamaina txikiko txatarra (lapikoak, zartaginak, metalezko erretiluak, etab.).
- Material informatikoak.
- Bonbilla fluoreszenteak.
- Etxetresna, aparailu eta jostailu elektriko/elektroniko txikiak.
- Inprimagailuen tinta kartutxoak eta tonerrak.
- Material berrerabilgarriak (jostailuak, jolasak, gailu elektriko-elektronikoak...).
- Kafe kapsulak.
- Egur zati txikiak.
Erabilerarako irizpideak
Garbigune mugikorra erabiltzeko zenbait irizpide ezarri dituzte:
- Hondakin mota bakoitzak bere ahoa du, sailkatuta jasotzeko.
- Garbigune mugikorretik kanpo ezin da materialik utzi.
- Utzi nahi den hondakinaren bolumenak ezin du dagokion ahoan ezer sartzea eragotzi: beraz, hondakina ahoa baino handiagoa bada, Atalluko garbigunera eraman behar da.
- Garbigunera eraman beharko da utzi nahi den hondakina material desberdinen nahasketaz osatuta badago.
Udalak 34.500 euroan erosi du garbigune mugikorra, eta aldundiaren dirulaguntza ere jaso du, 16.400 euro ingurukoa.
Atalluko garbigunea: ordutegia
Astelehenetik ostiralera: 10:15etik 12:50era eta 16:00etatik 18:50era.
Larunbata: 09:00etatik 12:50era.
Informazio gehiagorako
900 776 776
atezate@usurbil.eus
Garbigune mugikorraren 2023ko egutegia: deskargatu hemen.
