Eduki publikatzailea
Atzealdea Garbigune mugikorra, Usurbilgo etxeetako hondakinen berrerabilpena eta birziklapena hobetzeko
2023·02·02

Usurbilgo Udalak garbigune mugikorra erosi du, etxeetako hondakinen berrerabilpena eta birziklatzeko helburuarekin. Hiri hondakinen gaikako bilketa zerbitzua hobetzeko bokazioa du garbigune mugikorrak, batik bat, Usurbilgo garbigunera joateko ezintasuna duten herritarrei begira, baina, horrez gain, bertan bilduko diren gaien birziklapena erraztu areagotzeko aurreikuspenarekin. Udalak 34.500 euroan erosi du garbigune mugikorra, eta aldundiaren dirulaguntza ere jaso du, 16.400 euro ingurukoa; aurreikuspenen arabera, martxoan jasoko du garbigune mugikorra udalak.
Usurbilen hondakinak atez ate biltzen dira 2009az geroztik, eta gaikako bilketa maila oso onak ditu, gaur egun. 2021ean, esaterako, gaikako bilketa %87koa izan zen. Dena den, zerbitzua etengabe hobetzeko bokazioari eutsita, garbigune mugikorra eskaintzea beharrezkotzat jo du. Batetik, Usurbilgo garbigunera joateko autoa edo ibilgailu bat izatea ia beharrezkoa da, eta herritar kopuru batek ez du horretarako aukerarik, eta, bestetik, San Markoko garbigune mugikorrak ordutegi oso mugatua du. Beraz, garbigune mugikorrak auzoetan bizi diren herritarrei hurbileko zerbitzua eskaintzea ahalbidetuko du.
Horrez gain, garbigune mugikorrak jasoko dituen gaien birziklapena areagotu litekeela aurreikusi du. Izan ere, gaur egun errefusaren kuboan gaika bil daitezkeen hainbat hondakin ateratzea saihestuko du, ahalik eta material gehien birziklatuz eta ahalik eta baliabide gutxien errefusatuz. Hamar hondakin mota jasoko ditu:
- Margoak, bernizak, disolbatzaileak, kolak, fitosanitarioak (intsektizidak eta herbizidak), aerosolak eta horien ontziak (beteak, erdi-beteak zein hutsak).
- Bolumen txikiko plastikozko ontziak eta buztinezko loreontziak.
- Pilak.
- Tamaina txikiko txatarra (lapikoak, zartaginak, metalezko erretiluak, etab.).
- Material informatikoak.
- Bonbilla fluoreszenteak.
- Etxetresna, aparailu eta jostailu elektriko/elektroniko txikiak.
- Inprimagailuen tinta kartutxoak eta tonerrak.
- Apurtutako plastikozko eta egurrezko jostailuak.
- Berrerabil daitezkeen jostailuak eta jolasak.
Garbigune mugikorrak egutegi zehatza izango du, eta Usurbilgo auzoetan barrena mugituko dute. Printzipioz, gune bakoitzean astebetez utziko da: astelehen goizero mugituko du udal-brigadak auzo batetik bestera. Sei gunetan jarriko dute, txandaka: Aginagako kaxkoan, Txokoaldeko kaxkoan, Santueneko kaxkoan, Zubietako kaxkoan, Kalezarko kaxkoan eta Usurbilgo kaxkoan.
