Eduki publikatzailea

Atzealdea Gaikako bilketa %85ekoa izan zen 2025an

Hondakinen bilketaren datu guztiak jasotzen dituen txostena eta emaitzak argitaratu ditu udalak, webgunean. Hondakinen sorreran gora egin da azken urtean: herritar bakoitzak 506kg sortu zituen. Europako Zero Zabor Ziurtagiriaren berrikuspenean lau izar jaso ditu Usurbilek.

2026·04·24


Udalak 2025ko hondakinen emaitzak eta txostena argitaratu ditu, eta udalaren webgunean jarri, eskuragarri. Horien arabera, gaikako bilketa %84,7koa izan zen 2025ean, azken urteetako joerari eutsiz. Hondakinen sorrerari dagokionez, gora egin du azken urtean: 506kg hondakin sortu zuen herritar bakoitzak, 2024an baino 22kg gehiago.

Kudeatutako hiri hondakin kopuruari dagokionez, 3.280 tona jaso ziren Usurbilen 2025ean. Gaika aztertuta, oro har, gora egin dute kopuruek. Ontzi arinen kasuan, iaz baino 7 tn gehiago jaso da (guztira, 293 tn). Biohondakinei dagokienez, 38 tn gehiago (guztira, 860 tn). Errefusari lotuta, etxeetan iaz baino tona bat gehiago jaso da (guztira, 96 tn), eta gorakada, batez ere, industrian eta kale garbiketan izan da: 337 tn industrian (iaz baino 15 tn gehiago) eta 69 tn kale garbiketan (iaz baino 15 tn gehiago). Salbuespena papera eta kartoiarena izan da: iaz baino gutxiago 23 tn gutxiago jaso da (guztira, 445 tn).

Balantze ekonomikoaren datuak ere jaso dira hondakinen txostenean. Azken urteotan hondakinen bilketaren eta kudeaketaren arteko finantza oreka lortzeko ahaleginean ari da, tasa pixkanaka igoz eta gastuei eusteko ahaleginean. 2024ko ordenantza fiskaletan hasi zen tasa igotzen, zero defizitera gerturatzeko urtez urte %15 igoko zela iragarriz: 2023an 307.000 eurokoa zen defizita, eta, iaz, 219.000 eurokoa.

Karakterizazioaren emaitzak

Azken hilabetean, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Usurbilgo errefusaz egindako karakterizazioaren emaitzak jaso ditu udalak: bildutako hondakinen kalitatea neurtzen du karakterizazioak, eta aldian-aldian egiten ditu GHK-k. Udalak jasotako azken txostena, 2026ko martxokoa, Usurbilen jasotako errefusari lotutakoa da, eta, horren arabera, %99,22koa zen bildutako hondakinen egokitasuna. Organikoari lotutako azken txostena, berriz, 2024ko maiatzekoa da: kasu hartan, %98,65ekoa zen jasotako hondakinen egokitasuna. Hondakinen inguruan herritarrek duten konpromisoaren eta inplikazioaren erakusgarri dira datu horiek.

Europako Zero Zabor Ziurtagiria: lau izar

Usurbilek lau izar lortu ditu Europako Zero Zabor Ziurtagirian. 2023an eskuratu zuen ziurtagiri hori lehenengo aldiz: hiru urterako zenez, aurten egokitzen zen berrikuspena egitea. Otsailean egin zituen azterketak Análisis Social y Medio Ambiente kooperatibak, eta 2023an lortutako lau izarreko ziurtagiriari eutsi dio Usurbilek.

Zero Zabor Udalerrien Ziurtagiria Europako ziurtapen-estandar bat da: Zero Waste Europe erakundeak sortu zuen, eta MiZA Mission Zero Academy erakundeak jarri zuen martxan. Zero hondakinerako trantsizioa bizkortzea eta ekonomia zirkularra Europako herri eta hirietan ezartzea du helburu. Hirugarrenek egiten dute udalerrietako azterketa edo auditoria, eta bete beharreko eta baloragarri diren irizpideak aztertzen dituzte, behin betiko puntuazioak esleitzeko: gehieneko puntuazioa bost izarretakoa da.