Eduki publikatzailea

Atzealdea Gaikako bilketa %85ekoa izan zen 2024an

Hondakinen bilketaren datu guztiak jasotzen dituen txostena eta emaitzak argitaratu ditu udalak, webgunean. Hondakinen sorkuntzari dagokionez, herritar bakoitzak 484kg sortu zituen. Udalak Zero Zabor Udalerrien ziurtagiriaren oroigarria jaso zuen martxoaren amaieran, Bartzelonan egin zen Residu Zero - Zero Waste Festival jaialdian.

2025·04·08


Udalak 2024ko hondakinen emaitzak eta txostena argitaratu ditu, eta udalaren webgunean jarri, eskuragarri. Horien arabera, gaikako bilketa %85ekoa izan zen 2024an: aurreko urtearekin alderatuta, koxka bat egin du behera, 2023an %86koa izan baitzen. Aldiz, hondakinen sorrerari dagokionez, datua zertxobait hobea izan da: 484kg hondakin sortu zuen herritar bakoitzak, 2023an baino kilo bana gutxiago.

Bildutako hiri hondakin kopuruari dagokionez, 3.114tn jaso ziren Usurbilen 2024an. Azken urteetako garapenari erreparatuta, Covid aurreko kopuruetara hurbildu dira iazko datuak: 2019an, 3.141tn bildu ziren, eta biztanle bakoitzak sortutakoa 509kg izan zen (2024an, 484kg).

Gaika aztertuta, oro har, gora egin dute kopuruek. Papera eta kartoiaren kasuan, inoizko gehien bildu da (462tn): %11ko igoera izan du. Biohondakin kopuruak ere gora egin du, apalago: %4 igo da. Errefusari dagokionez, kale garbiketako kopuruak berdin mantendu dira (54 tn), etxeetan 95tn errefus jaso da, eta industriagunetan, 322tn. Etxeetako eta industrietako errefusak gora egin du: etxeetan biztanle bakoitzak 23kg errefus sortu zuen, eta industriagunetan, berriz, 50kg. Ontzi arinak, berriz, ia kopuru berdinean jaso dira.

Zero Zabor Udalerrien ziurtagiriaren oroigarria

Usurbilgo Udalak, bestalde, martxoaren 26an eta 27an Bartzelonan egin zen Residu Zero – Zero Waste Festival jaialdian parte hartu zuen, Rezerok eta Zero Waste Europek antolatu eta gonbidatuta. 2023an jaso zuen Usurbilek Zero Zabor Udalerrien ziurtagiria, bost izarretatik lau lortuta, eta Bartzelonan egindako jardunaldietan ziurtagiriaren oroigarria jaso zuen, beste udalerri batzuekin batera.

Ainhoa Arrozpide Landa zinegotziak parte hartu zuen udalaren ordezkari gisa, eta usurbildarrek hondakinen sailkapenean egunero hartzen duten ardura eta konpromisoa nabarmendu ditu. “Ziurtagiri honek Europako beste hainbat herriren mailan jartzen gaitu. Udalak bitartekoak jartzen ditu, baina herritarren parte hartzea da gakoa, eta egunero egiten duten lana aitortzen du ziurtagiriak. Jardunaldietan garbi geratu da berrerabilpenean eta murrizketan pausoak ematen jarraitu behar dugula: ideia berriak jasota itzuli gara”.

2024ko txostena, osorik: hemen.

2024ko emaitzak: hemen.