Eduki publikatzailea

Atzealdea Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren inguruko mozioa onartu du udalbatzak

Mozioa onartuta, Usurbilgo Udalak bat egin du uztailaren 19an Bergaran egingo den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin, Alkateen Mugimendua gogoratzeko, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko.

2026·07·01


Ekaineko osoko bilkuran EH Bildu eta EAJ alderdiek modu bateratuan aurkeztutako mozioa onartu zen, bi alderdietako zinegotzien babesarekin eta PSE-EEren aurkako botoarekin. Horrela, Usurbilgo Udalak, Euskal Herriko beste hainbatek bezala, uztailaren 19an Bergaran izango den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin bat egin du.

Mozioa, osorik (PDF): hemen.

Mozioaren erabakiak:

Lehena.

Usurbilgo Udalak bat egiten du Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren eta Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren oroitzapenarekin, eta bi efemeride horien garrantzi historiko, politiko eta instituzionala aitortzen du.

Bigarrena.

Udal honek aitortzen du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal lurraldeen eskubide historikoen abolizioa Frantziako iraultzarekin gertatu zela 1789 eta 1790 artean; horrez gain, aitortzen du 1841ean Nafarroa Garaian, eta 1876an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezarritako foru-erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesuek euskal lurraldeen jatorrizko eskubide historikoen eta buru-jabetza instituzionalaren galera ekarri zutela. Era berean, aldarrikatzen du esku-bide horiek ez direla iraungi, ezta herri borondate demokratikoaren ordez kanpoko erabakiz deuseztatu ere.

Hirugarrena.

Udal honek berresten du Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna eta nazio izaera duen herria dela, historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu; bi estatutan kokatuta eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldeetan duela bere leku geografikoa eta euskal nazioa osatzen duten herritarrek dutela beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea.

Laugarrena.
Udal honek aldarrikatzen du beharrezkoa dela foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea, eta, horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz.

Bosgarrena.
Udal honek aitortzen du udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten eginkizun erabakigarria, bereziki foru tradizioan, udal demokrazian eta herri ordezkaritzan; eta konpromisoa hartzen du etorkizunean ere Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan, erakunde demokratikoen rola indartzeko eta hauen artean, bereziki, udal erakundeena.

Seigarrena.

Udal honek bat egiten du 2026ko uztailaren 19an Bergaran antolatuko den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin, Alkateen Mugimendua gogoratzeko, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko.