Eduki publikatzailea

Atzealdea Feriaguneko atrakzio batekin izandako gorabeheren harira

Udalak ez du baimena eman Lapikoa deitutako atrakzioa irekitzeko, segurtasun baldintza egokiak bermatzen ez dituelako. Horren ordez, gazteentzako beste atrakzio bat ekartzeko ahalegina egin du, eta ostiral goiz honetan ekartzekoak baziren ere, baimena ukatu zaionaren jarrerak zapuztu du ahalegina.

2025·07·04


Usurbilgo Udalak ez dio irekitzeko baimena eman Lapikoa deitutako atrakzioari, segurtasun baldintza egokiak bermatzen ez dituelako. Ordezko atrakzio bat bilatzen saiatu da, gazteentzako egokia litzatekeena, eta hala hitzartu zuen atzo, izatez, Afaderekin. Gaur, ostiral goizean, etortzekoa zen ordezko atrakzio bat, eguerdirako martxan egoteko, baina baimena ukatu zaion ferialariaren jarrerak zapuztu du udalaren ahalegina. Lapikoaren jabeari behin baino gehiagotan eskatu dio udalak atrakzioa desmuntatu eta eramateko, baina han jarraitzen du. Horren aurrean, udalak ferialarien elkarte Afaderi eskatu dio hesitu dezala atrakzioaren ingurua, feriagunean dabiltzanen segurtasuna bermatzeko.

Feriatako atrakzioek urtero pasatzen dituzte azterketak, autoek bezala. Lapikoaren kasuan, jabeak udalean aurkeztu duen dokumentazioa ez dator bat ekarri duen atrakzioarekin. Hori ikusita, udaleko teknikariak aritu dira ekarritakoaren baldintzak aztertzen, eta irekitzeko baimena ukatu diote. Eragozpenak barkatzeko eskatuz, adierazi dute ez diotela baimenik emango herritarren segurtasuna bermatzen ez duen inolako atrakziori.

Udalak, halaber, txosten bana bidaliko die Afaderi zein Eusko Jaurlaritzako Industria sailari, jabe horren atrakziorik Usurbilera berriz ez ekartzeko.