Eduki publikatzailea

Atzealdea Eztabaida giroa galdera-eskaeren tartean

Zapategi eremuaren gaiak piztu zuen eztabaida EH Bilduren eta EAJren artean.

2021·01·26


Espero baino luzeagoa izan zen urtarrileko ezohiko osoko bilkura, galdera-eskaeren tartean EAJk Zapategi eremuaren gaia mahai gaineratu ostean. Udala HAPO idazten ari denez, araudi nagusia egungo errealitatera egokitzeko beharra nabarmendu zuen EAJk, baita udalean egin beharreko tramiteak azkartzekoa ere. “Gure udalak administrazio laguntzailea izan behar du, eta ez oztopoak jartzen dituena: Adunan zerbait hobeto egin dute Usurbilen aldean, Elkar Fundazioa han kokatzeko”.

EH Bildu bat etorri zen administrazioaren epeak luzeegiak diren ideiarekin: “Nahiago nuke administrazio guztien prozedurak arinagoak balira, baina diru publikoaz ari garenean administrazioak garantista izan behar du: ez da Usurbilgo Udalaren arazo bat soilik, denena baizik”. Gustuko izan ala ez, udalak indarrean dauden prozedurak eta legeak bete behar dituela nabarmendu zuen EH Bilduk.

Horrez gain, Elkar Fundazioa Zapategira ez etortzearen albistea Noaua-n haizatu izana gaitzetsi zuen EH Bilduk. “Zapategiren harira, Adunan zerbait hobeto egin dutela iradokitzea tranpa egitea da: alboratu interes politikoak eta etorri galdetzera, besterik ez bada ere, horren berri zergatik ez genuen eman galdetzera. Azalpenak eman genituen eman beharreko lekuan, baina ez zineten batzorde horretara etorri, ezta galderarik egin ere gero, ez guri ezta teknikariei ere”. Udal-jardunerako liberazio erdia dutela nabarmendu zuten, halaber.

EAJk bereari eutsi eta errepikatu zuen Adunan hobeto moldatu direla aktibitate ekonomikoa erakartzeko orduan. Teknikariengana ez joatea haiek ez molestatzeko helburuarekin egiten dutela defendatu zuten.

Zapategiko proiektua gauzatzeko azken pausoak falta zirenean Covid19-a eta testuinguru ekonomiko oso zaila iritsi zirela argudiatu zuen EH Bilduk. “Elkar ez badator ez da gure arduragatik, Covid19-ak dena hankaz gora jarri duelako baizik, kultura ere gogor kolpatuz”. Elkar ez datorren arren, elkarlanean jarraitzen dute hiru erakundeek, eta udalarekin oso eskertuta daude emandako laguntzagatik, haien esanetan. Oposizioaren aldetik ekarpen gehiago egitea eta udal-langileen jardunarekiko errespetua izatea eskatu zuten.