Eduki publikatzailea

Atzealdea Ez Zaldibarren, ez Zubietan

2021eko ekaineko Udalberrin argitaratutako zutabea, hondakin industrialak Zubietako errauste-plantan tratatzeaz.

2021·06·04


Otsailaren hasieran, Arantxa Tapia sailburuaren ahotik jakin genuen Zubietako errauste-plantara industria jatorriko hondakinak eramango dituztela. Zaldibarko zabortegiaren hondamendiak eragindako egoeraren ondorioz hartu dute erabakia; izan ere, nola kudeatu lehen Zaldibarrera joaten ziren milaka tona industria-hondakin horiek? Soluzioa, ordea, erraz topatu dute: Zubietan errez hondakin industrial batzuk. Albistea, ordea, kezkaz hartu dugu, Zaldibar Zubietara ekar dezaketela uste baitugu.

Aukera horri bide ematen dion ebazpena kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2021eko otsailaren 12an: hondakin industrialak kudeatzeak ez duela “aldaketa esanguratsurik” eragiten iritzita, ingurumen baimen bateratua eguneratu dio errauste-plantari.

Udal-gobernuari, ordea, lege ikuspegitik zalantza ugari eragiten dizkio, eta errekurtsoa tartekatzea erabaki dugu. Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu ingurumen baimen bateratuari buruzko espedientean eta errauste-plantari lotutako gainerako baimen eta izapideetan interesdun izaera onartzeko eta espedienteak udalera igortzeko. Jaurlaritzak ain-tzat hartu du gure eskaera. Espedientea eskutan, errekurtsoa aurkeztea erabaki dugu, Zubietako erraustegian hondakin industrialak kudeatzeak funtsezko aldaketa dakarrela iritzita, eta prozedura hau eramateko abokatu espezialista bat kontratatu du udalak: Jaime Dorestes. Madrildarra, ingurumen zuzenbidean aditua, eta antzeko auzietan ibilbide luzekoa.

Orain, gakoa da ea Zubietan hondakin horiek tratatzeak aldaketa esanguratsurik suposatzen duen edo ez, eta gure abokatuak ondo baino hobeto arrazoitu du errekurtsoan baietz, funtsezko aldaketa dela. Legeak hauxe dio: aldaketa ez funtsezkotzat joko da “ezarritako aldaketak isuriak aldatzen edo murrizten ez dituenean”. Haatik, aldaketa funtsezkotzat joko da isuriak aldatzen edo handitzen direnean, kutsatzaile berriak kopuru esanguratsuetan sartzen direnean, substantzia edo hondakin arriskutsuen sorrera areagotzen denean eta horrek guztiak pertsonengan eta ingurumenean ondorio kaltegarriak edo garrantzitsuak izan baditzake. Kasu honetan, ez dago dudarik: batetik, erre beharreko hondakin kopurua nabarmen handituko da. Horietako asko, gainera, jatorri industriala duten hondakinak dira, plastikoa nabarmen gehitzea ekarriko du, eta batzuk hondakin arriskutsuak dira.

Beraz, nola ez da izango funtsezko aldaketa bat hiri-hondakin ez arriskutsuak tratatzeko diseinatutako azpiegitura batean, orain, hondakin industrial eta, gainera, arriskutsuak tratatzea? Are: gure ustez, GHK-k ez du eskumenik hondakin horiek kudeatzeko. Europako 2018ko Hondakinen Zuzentarauak hiri-hondakinen definizioa ematen du, eta espresuki baztertzen ditu industria jarduerakoak. Gainera, kudeaketa esparru ezberdinekoak direla dio: hiri edo udal hondakinak kudeaketa arlo publikokoak dira; industriakoak, berriz, arlo pribatukoak.

Hemen aipatutakoak eta beste hamaika arrazoi landu dira errekurtsoan, eta ebazpena baliogabetzeko eskatu diogu Jaurlaritzari. Aintzat hartuko ez balute, epaitegietara jotzeko asmoa dugu. Zaldibarri ateak ixteko errekurtsoa da, beraz. Ez dugu hondamendi gehiagorik nahi. Ez Zaldibarren, ez Zubietan.