Eduki publikatzailea

Atzealdea Ez da zilegi

2023ko apirileko Udalberrin argitaratutako zutabea, Txirikordaren inguruan ELA sindikatuaren izenean azaldutako pankarten harira.

2023·04·03


Duela hamar bat egun Txirikordaren inguruan ELA sindikatuaren izenean azaldu ziren pankarten harira, Usurbilgo Udalak ohar bat kaleratu zuen Txirikordako enpresa eraikitzailearekin eta Ugartondoko sustatzaileekin izaten ari diren arazoen berri emanez: udalaren webgunean irakur daiteke, osorik, baina gaiaren inguruko zertzelada batzuk eman nahi ditut txoko honetan.

Pankarta batek zioen: “Txirikorda-Urbas, zorrak ordaindu”. Txirikorda eraikitzen Murias ari da, lizitazio publiko bidez esleitua, Grupo Urbas izeneko inbertsio fondoaren parte dena, 2020tik. Talde horretako kide dira, baita ere, Jauregizar eta Urrutia.

Duela hilabete inguru, Txirikordan Muriasentzat lanean ari ziren azpi-kontratatutako enpresa batzuek udalari jakinarazi zioten lanak eten zituztela, Muriasek ez zielako ordaindu egindako lanengatik. Harriduraz hartu genuen albistea, obra arazorik gabe joan baita azken unera arte. Halaxe islatzen du datu honek: Txirikordako inbertsioa bi milioi pasatxo izan da, eta udalak, obra ziurtagiriak iri-tsi ahala, denak ordaindu ditu. Obraren %99,6 ziurtatuta eta ordainduta dago: 15.000€ inguru baino ez da falta ordaintzeko. Beraz, bistan da diru hori ez dela iritsi, iritsi behar zuen tokira, hau da, hornitzaileengana eta Muriasentzat lanean aritu direnengana. Udalak ez du inolako zorrik inorekin: bere betekizunak eta konpromisoak zuzen, ondo eta egunean bete ditu.

Egoeraren berri izan orduko hasi ginen batzuekin eta besteekin biltzen. Bileretako batean aitortu zuten enpresaren finantza egoera ez dela batere ona, eta zorrak zituztela. Gerora jakin dugu Muriasen eta Grupo Urbasen zorrak Txirikordaz haragokoak direla, eta hainbat eta hainbat obra publikotan eragin dituztela zorrak. ELAk berak komunikabideetan salatu zuen: esate baterako, Ikerbasqueren obra ere geldirik dagoela. Materialen garestitzearen ondorioz, Txirikordako obrako prezioak berrikusi behar izan ditugu, eta berrikuspen horretatik eratorriko den dirua (125.000€ inguru) zorrak dituzten azpikontratutako bi enpresei bideratuko die udalak zuzenean.

Horrez gain, Ugartondoko urbanizazio lanak ere etenda daude, kasu honetan, Jauregizar ez delako bere eginbehar ekonomikoak betetzen ari: ez urbanizazio lanenak, ez udalarekin dituenak (500.000€-ko zorra dute). Kasu honetan, azken bileran hitz eman zuten hurrengo egunetan zorrak ordaintzeko moduan izango direla; espero dugu lanei epe motzean berrekitea. Tamalez, halere, arazo gehiago ere badaude eremu eta garapen horretan.

Gertatzen ari den guztiarekin oso kezkatuta, haserre eta triste gaude. Bai Txirikorda bai Ugartondo amaitzear egonda, egun batetik bestera, arazo handi baten erdian jarri gaituzte. Eraikuntza enpresen eta Grupo Urbasen jarrera erabat salagarria da; diru publikoarekin eta herritarren bizi proiektuekin eta ametsekin ari dira jolasean, eta hori ez da zilegi. Udaletik gure esku dagoen guztia egiten ari gara lehenbailehen egoera konpontzeko. Ulertzen ditut langileen haserreak, haserrea konpartitua baita, baina udala ere inbertsio fondo honen biktima da, eta, ondorioz, baita usurbildarrak ere. Beraz, ez da egia, beste pankartak zioen bezala, udaletxea isil-isilik dagoenik. Udala ez dago komunikabideetan batzuk dauden bezala; udala eta ni neroni diskrezioz eta buru-belarri ari gara lanean. Ez gaude lasai, Txirikordak eta usurbildarrek ez dutelako halakorik merezi.