Albisteak
Atzealdea

Eusko Jaurlaritzari eskaera, urte osoan berma ditzan osasun sistema publikoaren zerbitzuak, udan barne

EH Bilduk Osakidetzako murrizketak salatzeko sartutako mozioa onartu dute, taldearen botoekin; EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute.

2022·07·22


Osakidetzan gertatzen ari diren “murrizketa eta egoera larrien” harira, mozioa aurkeztu du Usurbilgo EH Bilduk uztaileko osoko bilkuran: taldearen botoekin onartu dute, eta EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute. Mozio horren bidez, hainbat eskaera egingo dizkio udalak Eusko Jaurlaritzari, baina, nagusiki, eskatu dio urte osoan zehar, uda sasoian barne, herriko osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.

Mozioan salatu dutenez, Osakidetzan gertatzen ari diren murrizketak ez dira pandemiaren ondorio, eta pandemiarekin hasi ere: “Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Osasun sistema publikoan eman diren atzerapausoak gero eta nabarmenagoak izan dira, bereziki 2018tik gaurdaino. Eta horren guztiaren ondorioak herritarrek (pazienteek) jasaten dituzte, are gehiago herri txikietan”.

Mozioak aipamena egiten die azken asteetan Osasun Sailburuak egindako adierazpenei ere: “Herri txikietan medikura joateko beste herri edo hiri batera joan beharko dute. Hori ez da aldaketa kultural bat, oinarrizko eskubide baten aurkako eraso bat baizik, pertsona guztiok kalitatezko arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea dugulako, eta hori da orain arriskuan dagoena”.

Mozioa onartuta, honakoak dira Usurbilgo Udaleko udalbatzak Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerak:

  • Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio urte osoan zehar, uda sasoian barne, herri honetako osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.
  • Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatuz. Halaber, gainerako osasun profesionalen kontratazio baldintzak hobetzeko xedearekin, aztertzea Osakidetzan kontratazio irizpideak aldatzea, betiere egonkortasuna eta garapen profesionala sustatuz, horrela Osakidetza erakargarriago bilakatzeko eta indartzeko.
  • Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Lehen Arreta eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitu dezala. Diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak.

Mozioa, osorik: hemen.