Eduki publikatzailea

Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jasoko udalak Txirikorda proiektuarengatik: 640.000 euro

2021eko aurrekontuetan egingo den inbertsiorik garrantzitsuena izango da Txirikorda. Otsailean hasiko da lanen esleitze prozesua, eta 2022 amaierarako jarri nahi du martxan udal-gobernuak. Akerra birgaitzeko lanek ere dirulaguntza jaso dute: 84.000 euro.

2020·11·27


Txirikorda proiektua finantzatzeko Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jasoko du Usurbilgo Udalak: 640.000 euro. 16 zuzkidura bizitoki barne hartuko ditu Txirikordak, eta 40.000 euro jasoko ditu horietako bakoitzagatik: lor zitekeen kopuru osoa, alegia. Exekuzio proiektua eginda, otsailean hasiko da lanak esleitzeko prozesua, 2021ean eraikitzen hasi, eta, hala, 2022 amaierarako martxan egotea nahi du udal-gobernuak. “2021eko aurrekontuetako inbertsiorik garrantzitsuena izango da”, azaldu dute.

Dirulaguntza horrekin, bultzada nabarmena jaso du Txirikordak. Proiektua 2.375.000 euroan baloratu du udalak, eta horietatik 2.063.000 euro jada lortuak eta lotuak ditu. Izan ere, Jaurlaritzaren dirulaguntza jasotzeko baldintzetako bat zen udala izatea proiektuaren sustatzailea, eta halaxe bihurtu zen maiatzean Ugartondoko Hitzarmen Batzordearekin lortutako akordioaren bidez. Hasieran, eurek sustatu behar zuten Txirikorda, Ugartondoko etxebizitzak egiteagatik udalari eman beharreko %15aren truke. Akordio horrekin, Ugartondoko eremuaren %15 hori udalari dirutan ematea adostu zuten (1.423.000 euro). Exekuzio proiektua Jaurlaritzan aurkeztuta, dirulaguntzaren eskaera egin zuen udalak, eta orain iritsi da ebazpena: jaso zezakeen kopuru osoa jaso du, alegia, 640.000 euro. Kostu osoa estaltzeko, beste 312.000 euro jarriko ditu udalak 2022ko aurrekontuetan.

Dirulaguntza Akerrarentzat ere

Txokoaldeko Akerra eraikina birgaitzeko lanek ere dirulaguntza jaso dute. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Erein deialditik, landa eremua sustatu eta laguntzeko ateratakoa. Guztira, 84.045,55 euro jasoko ditu udalak Akerrako lanak finantzatzeko.