Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskarari helegiteak

2025eko otsaileko Udalberrin argitaratutako zutabea, Usurbilgo eta Astigarragako udaletan udaltzain berriak hautatzeko deialdietan jasotako helegiteen inguruan.

2025·02·27


Otsailaren hasieran prentsa agerraldia egin genuen Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, Martin Aramendi Ataungo alkate eta UEMAko lehendakariak eta hirurok euskararen aurkako oldarraldiak ez duela etenik salatzeko, eta, batez ere, zenbait udalerri euskaldunetan jasotzen ari garen helegiteez ohartarazteko, lanpostu batzuei zehaztu diegun hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa delakoan. Zehazki, Usurbilgo eta Astigarragako udalotan jaso ditugu helegiteak berriki, udaltzain berriak hautatzeko deialdietan 3. hizkuntza eskakizuna zehazteagatik. Helegiteak jarri dituztenen arabera, 2. hizkuntza eskakizuna nahikoa da.

Ez dugu inolaz ere bat egiten uste horrekin. Ez baita horrela. Udalerri euskaldunetan, herritarrekin euskarazko harremana izateko, herritarrek esandakoa ulertzeko eta herritarrekin hitz egiteko, 2. hizkuntza eskakizuna ez da nahikoa, hainbat urtez hainbat udaletan izan diren kasuek eta arazoek erakutsi duten bezala. Guk argi dugu euskaraz  ondo jakin behar dutela herritarrekin harremana izango duten langile publikoek. Eta ondo jakin behar dutela idazten ere, udalerri euskaldunetan sortzen diren idatziak eta dokumentazioa euskaraz jasotzeko eskubidea baitute herritarrek, eta horretarako gai ez diren udaltzainak hartuz gero, hasieratik jardungo ginateke herritarren eskubideak urratzen.

Gainera, legez, helegiteok ez dute heldulekurik: legeetan oinarritutako argudio sendoekin erantzun diegu Usurbilgo zein Astigarragako udaletan aurkeztutako helegiteei. Eta ondorioa argia da: legeek aski eskumen ematen dizkigute herritarrekin harreman zuzena izango duten udaltzainei 3. hizkuntza eskakizuna eskatzeko. Beraz, bere horretan eutsiko diogu eskakizun horri.

Azkenaldian euskararen aurkako epai asko ezagutu ditugu, eta nabarmendu eta salatu nahi izan dugu epaien aitzindariak direla gure udaletan aurkeztu berri dituzten gisako helegiteak. Horiek direla, hain justu, oldarraldia ereiten dutenak. Eta ez dugu uste kasualitatea denik bizpahiru hilabeteko tartean jaso izana bi udaletan helegiteok. Norbaitek nonbait erabakitako zerbait da. 

Argi daukagu zein den horien helburua: beldurra sortzea, gainerako udalek bide bera hartu ez dezaten, eta 2. hizkuntza eskakizunarekin konforma daitezen, horrek euskaraz lasai  aritzea bermatzen ez badu ere. Udaloi, ordea, eredu izatea dagokigu, eta epaien mehatxuen gainetik euskararen eta herritarren eskubideen defentsan jarraituko dugu.