Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskararen erabilerak gora egin du azken bost urteetan: %54tik %62,8ra

Soziolinguistika Klusterrak iaz egin zituen neurketak Usurbilen: erabilerari dagokionez, azken hogei urteotako daturik altuena da. Euskararen erabilerak herriko eremu guztietan egin du gora, Aginagan izan ezik: %90etik %81era jaitsi da.

2022·10·19


Euskararen erabilerak gora egin du, nabarmen, azken bost urteetan, Usurbilen: %54tik (2016an) %62,8ra (2021ean). Iaz egin zituen neurketak Soziolinguistika Klusterrak herrian, eta orain aurkeztu dituzte emaitzak, aurkezpen publiko baten bidez: erabilerari dagokionez, azken hogei urteotako daturik altuena da iazkoa. 2016Koa zen, orain arte, azken neurketa: emaitza haiekin alderatuta, euskararen erabilerak herriko eremu guztietan egin du gora, Aginagan izan ezik: %90etik %81era jaitsi da.

Soziolinguistika Klusterreko kide Olatz Altunak azaldu duenez, Usurbilen iaz egindako neurketak erakusten du herriko kaleetan hamar lagunetik sei euskarazko elkarrizketetan ari zela (%62,8), heren bat baino zerbait gehiago gaztelaniaz (%36,5) eta beste hizkuntzetan ari zirenen kopurua ez zen %1era heldu. Hala, euskararen erabilerak ia bederatzi puntu egin du gora azken bost urteetan, 2011ko datuetara hurbilduz eta 2016ko beherakada gaindituz. Klusterreko kideek azaldu dutenez, zenbait arazo izaten ari dira, baina aurki izango dugu esku artean neurketaren behin betiko txostena.

Ezagutzaren aurtengo datua ezagutzea falta da, orain; Eustatek emango du, aurreikuspenen arabera, hilabete amaieran. Orain arteko datuen arabera, usurbildarren % 72,5 zen euskalduna 2016an (%69,7, 2011n), eta % 11,1ak ulertzen du euskara.

Euskaren erabilera Usurbilen, eremuka

Erabilera eremuka aztertuta, herrigunean eta Aginagan behatu da kale-erabilera handiena; txikiena, berriz, Santuenean. Dena den, erabileraren igoera auzo guztietan islatu da, baita eremu erdaldunetan ere. Salbuespen esanguratsu batekin: Aginagarena. Zortzi puntuko jaitsiera neurtu dute, aurreko epean hasi zen joerari jarraipena emanez. Klusterrak ebatzi duenez, hamar urteko epean hamar puntu jaitsi da euskararen erabilera Aginagan, hain zuzen ere, euskaldunena den gunean. Hona, eremuka, erabilera datuak, 2016koak eta 2021ekoak:

Eremua

2016

2021

Herrigunea (Usurbil)

%73

%81,9

Zubieta

%38,6

%50,8

Aginaga

%90

%81

Olarriondo

%48,5

%58,9

Santuenea

%25,5

%33,5

Beste zenbait ondorio

  • Sexuaren arabera. Usurbilen, emakumezkoek zertxobait gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoek baino (%63,7 eta %61,9, hurrenez hurren). Joera hori, oro har, Euskal Herriko lurralde guztietan errepikatzen da, adin talde guztietan, adinekoetan izan ezik.
  • Adinaren arabera. Zenbat eta adin-tarte gazteagoa izan, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera, baita Usurbilen ere. Haurren, gazteen eta heldu-gazteen erabilera datuak batezbestekoaren gainetik daude, eta neurri handi batean, euskararen erabileraren sendotzea eragiten dute. Aldi berean, garrantzitsua da euskararen erabileraren bilakaera positiboa adin guztietan gertatu izana, euskararen erabilerara hurbiltzen den populazioak horretan eragin dezakeelako.
  • Erabilera, solaskidearen adinaren arabera. Orain arte agertu ez den “fenomeno interesgarri bat” aipatu du Klusterrak. Haurrek eta gazteek gehiago egiten dute euskaraz euren artean daudenean, adin desberdinetako biztanleekin osatutako taldeetan daudenean baino. Horrek erakusten du haurrek eta gazteek euskararenganako duten joera naturala, kanpoko eraginik gabe euskararen alde gehiago jotzen dutelako. Helduen nahiz adinekoen kasuan, ordea, erabilera jaitsi egiten da euren adin-tartekoekin soilik daudenean; gazteagoekin harremanetan euskararen aldeko hautua indartzen dute.
  • Haurren presentzia. Euskal Herrian gertatzen den joera orokorra betetzen da Usurbilen ere: pertsona nagusiak euskaraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean, eurak bakarrik daudenean baino.

Ondorio horiek kontuan izanda, Klusterrak garrantzitsutzat jo du haurren eta gazteen joerei erreparatzea datozen urteetako bilakaerari begiratzerakoan. “Usurbilen datu positiboak agertu direla esan daiteke, erabilera-datu altuenak adierazteaz gain, joera gorakorra baitu belaunaldi berrien euskararen kale-erabilerak. Dena den, gogoan izan behar da egungo euskal hiztunen profil linguistikoa desberdina dela garai bateko euskaldunen artean ohikoa zen profiletik. Horregatik, kanpo-eraginak tarteko direla ere, zaindu beharrekoak dira haur eta gazte horien hizkuntza-erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak eta euskarazko sozializazioa”.

Hitanoaren erabilera ere, aztergai

Soziolinguistika Klusterrak hitanoaren erabilera ere neurtu zuen 2021ean. Horren arabera, %15,6k egiten du hika: 2016an baino nabarmen gutxiago, orduan %28,1ean baitzegoen. Sexuaren arabera, gizonezkoen artean lautik batek egiten du hika, eta emakumeen artean, 13tik bakarrak. Halaber, toka noka baino bost bider gehiago egiten da Usurbilen. Dena den, ohartarazi dutenez, hitanoari buruzko datuok “tentuz” hartu behar dira: izan ere, akats-tartea %8,5ekoa da, eta Klusterrak fidagarritasuna 3tik beherakoei ematen baitie.