Eduki publikatzailea
Atzealdea Euskararen erabilera taldeetan bultzatzeko, ‘Ariguneak’
2020·02·10
Taldean ere hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ariketa proposatu du Euskaraldiak 2020rako, eta figura berri bat sortu du horretarako: Arigunea. Usurbilgo Euskaraldiko lantaldeak dozena bat entitateren konpromisoa lortu du dagoeneko, eta gehiago biltzeko lanean ari da. Izena eman aurretik, ordea, zenbait pauso eman behar dituzte entitateek, eta jada euren konpromisoa adierazi dieten horiekin bildu dira, zer eta nola egin behar duten jakinarazteko.
2018an bezalaxe, norbanakoek ahobizi edo belarriprest rolen artean bat aukeratuko dute. Horiez gain, aurten, entitateak aktiboki parte hartzera gonbidatu dituzte, euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatu eta arigune gisa izena eman dezaten. Euskaraldiaren hamabost egunetan arigune horiek babesteko eta sustatzeko konpromisoa eskatuko zaie, eta helburuak epe luzerako izan daitezen nahi dutenez, Euskaraldia amaitzen denean ere hizkuntza ohiturak aldatzeko hartutako neurriak egonkortzera gonbidatuko dituzte. Oraingoz, hauek dira 2020ko Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa hartu duten entitateak: Santueneako Gure Elkartea tabernak eta jubilatuen elkarteak, Aitzaga tabernak, Kabienek, Natali taldeak, Orbeldi dantza taldeak, Saizar sagardotegiak, Usurbilgo Lanbide Eskolak, UFTk, Fagor Automotionek, eskubaloi taldeak, Amenabar farmaziak eta Alkartasuna Kooperatibak.
Ariguneak taldean euskaraz lasai aritzeko guneak dira: kide guztiek ulertzen dute euskara, eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki dute. Entitatearen egunerokoan egon badauden taldeak dira -ez dira berriak sortu behar- eta bi motatakoak izan daitezke: barne-ariguneak edo kanpo-ariguneak. Barrukoak entitateen barruko taldeak dira: sailak, zerbitzuak, lantaldeak, asanbladak, kirol-taldeak... Guztiek euskara ulertzeaz gain, %80 gutxienez prest dago ahobizi edo belarriprest modura ariketan parte hartzeko. Kanpokoak entitateek herritarren harrera espazioetan dituzten pertsonek herritarrekin osatutakoak dira: harreran, telefonoan, kutxetan, barran... Espazio horietan beti egongo da belarriprest edo ahobizi bat, herritarren hizkuntza aukera bermatzeko. Edozein eratako entitateek eman dezakete izena: erakunde publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kultur eta kirol taldeek, etab. Hori bai, gutxienez barne- edo kanpo-arigune bat izan beharko dute.
Ariguneak sortzeko eman beharreko pausoak:
1. Erabakia hartu. Entitatean hiz-kuntza praktika berriak finkatu nahi baditu, parte hartzea erabakiko du.
2. Taldeak identifikatu. Bere barruko ariguneak identifikatu behar ditu. Kanpokoak sortu ahal izateko, une oro gutxienez euskara ulertzen gai den bat egotea bermatuko du.
3. Kideekin adostu. Bertako kideek adostasuna adierazi behar dute.
4. Izena eman. Entitateak Euskaraldian izena emango du, arigune kopurua adieraziz.
5. Neurriak hartu. Ariketa hasi bitartean, 15 egunetarako prest egotea bermatu beharko du, horretarako dagozkion neurriak hartuta.
6. Ariketa egin. Ahobizi eta belarriprest dinamikak martxan jarriko dira: entitateko kideek aukeratutako rolaren arabera funtzionatuko dute.
7. Neurriak egonkortu. Hartutako zein neurri manten ditzakeen baloratu beharko du entitateak, eta zein neurri berri hartzeko prest dagoen etorkizunera begira.